Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Electra-Vitoriaren lantegian egin dute akordioaren aurkezpena.
"Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz", azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. "Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik".
Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren; gaur iragarritako neurriekin erantzutea espero dute.
Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.
Eta, bestetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan dauden esperientziak partekatu, batzuengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duen enpresen foro bat. Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, azpimarratu du hizkuntza normalizaziorako politiketan erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza. Dobaranek esan duenez, Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da.
Aurkezpenean Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia ere izan da, eta azaldu du hainbat urtez "txikizkako merkataritzan" egin dituela ahaleginak: "Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak... beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako", adierazi du. "Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko".
Urritik aurrera, Lanabes harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, eta laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko dizkie. Hala ere, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat jotzen duen edozein enpresa harremanetan jarri ahal izango da ekimeneko kideekin.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitezte Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan info@baieuskarari.eus helbidera idatzita.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.