Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bat egin dute esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera indartu eta Lanabes programari bultzada bat emateko.
Arabako enpresa eremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimen horren inguruan lortutako akordioari esker, hiru erakundeek bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktiken komunitate bat.
Lehenik eta behin, zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko dute martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza tekniko zein ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.
Bestalde, praktika-komunitate bat sortuko da. Horretarako, enpresen foro bat osatuko dute, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, besteengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzeko. Komunitate hori Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du, Lanabes sarearen talde eragileko kide gisa.
Lanabes sarea urritik aurrera harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, laguntza eta zerbitzu horiek eskaintzeko. Dena den, 50 langile baino gehiago dituen Arabako Lurralde Historikoko edozein enpresa zuzenean jarri ahal izango da harremanetan ekimeneko kideekin.
60 enpresaren datuak
Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak azaldu duenez, martxan jarriko den zerbitzu berriaren jatorria 2019an dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegi batean; 60 enpresa inguruk erantzun zuten.
Ondoren, txosten bat osatu zen erantzun horien bidez lortutako emaitza orokorrekin. Ondorioetan aurreikusitako enpresen beharrei erantzutea espero dute iragarritako neurri berriekin.
Hiru erakundeen elkarlana
"Hizkuntza normalizaziorako politiketan instituzioen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia" azpimarratu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bere aldetik, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik ere administrazioen arteko elkarlana goraipatu du: "Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu denok komunean dugun helburu bati heltzeko, euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko".