Izan Bidea

Arabako herriek ere presoen etxeratzearen aldeko bidea egin nahi dute

Erredakzioa 2020ko urr. 5a, 09:50

Eguraldi txarra dela eta, Euskal Herriko 650 mendi igotzeko Sare Herritarrak deitutako Izan Bidea ekimena tontorretatik plazetara mugitu zen larunbatean. Arabako 30 herritan baino gehiagotan zabaldu zen konponbidearen aldeko aldarria.

Izan Bidea ekimenaren barruan tontorren igoera bertan behera utzi behar izan duen arren, Euskal Herriko ehunka herritako plazetan zabaldu zen euskal presoen aferaren konponbidearen aldeko aldarria, baita Araban ere: Urbina, Dulantzi, Agurain, Gasteiz, Aramaio, Bernedo, Buradon Gatzaga, Oion, Asparrena, Legutio, Zalduondo, Laudio, Kontrasta, Espejo, Zuia, Bastida, Lantziego, Okondo, Artziniega, Aiara, Amurrio, Zigoitia, Maeztu, Trebiñu, Kanpezu, Argantzon, Korres...

Bertan behera utzitako egitasmoaren ordez, urriaren 24an Donostian Resolution! Etxean! lelopean egingo den manifestaziora deitzeko deia bihurtu ziren herriz herriko argazkiak. Gainera, 650 mendi tontorren igoera maiatzaren 8an egingo dela iragarri du Sare Herritarrak, salbuespenezko espetxe-politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze prozesua abian jartzea "ezinbestekoa" dela aldarrikatzeko.

"Mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrotara daudela; oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela; oraindik ere emakume presoak bakartuak jarraitzen dutela; ehun motxiladun haur inguru daudela, eta preso gaixoak heriotzera arte espetxean mantentzen dituztela... Finean, oraindik orain, hau guztia ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela", adierazi du Sare Herritarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide