Alaves 1 - 0 Athletic

Alavesek merezimendu osoz irabazi dio Athletici

Ibon Gorrisi 2020ko urr. 4a, 19:54
Lucas Perezek erdiratutako falta Elyk buruz ukitu du, eta baloia saretara joan da. / LA LIGA

Bigarren zatian Elyk egindako golari esker, garaipena lortu du Alavesek Mendizorrotzan.

Alaves

1

Athletic

0

Alavesek itxura ona emanez irabazi dio Athletici. Puntuen premia zegoen, ia-ia amildegitik gertu. Horrexegatik, derbia irabaztea hil ala biziko kontua zen. Talde arabarrak jokoan aurrerapausoa eman du, eta, Elyk bigarren zatian egindako golari esker, garaipena eta behar-beharrezkoak ziren hiru puntuak lortu ditu.

Talde arabarrak garaipena eta behar-beharrezkoak ziren hiru puntuak lortu ditu

Bi taldeen egoera, partida hasi aurretik, ez zen batere ona. Hori dela eta, tentu handiz ekin diote norgehiagokari. Zelai erdiko jokoa izan da nagusi, eta ez bata ez bestea ez dira gauza izan gol aukerarik sortzeko. Pablo Machin entrenatzaileak 3-5-2ko joko sistemarekin jokatzea du gustuko. Hori izan da Mendizorrotzan erabili duena, eta emaitza ezin hobea eman dio. Izan ere, lehen zatian taldea oso sendo aritu da atzealdean.

Talde zuri-gorriak jokoaren ekimena eraman du, baina sakontasunik gabe. Sormen arazoak ditu, eta, horren ondorioz, area ingurura hurbiltzeko eginahalak egin behar ditu. Williamsek penalti puntura egindako erdiraketa eta Raul Garciak egindako errematea izan dira jokaldirik arriskutsuenak. Alavesen aldetik, gauza gutxi erasoan, baina defentsan egindako lana goraipatzekoa da aurreko partidekin alderatuz gero. Horiek horrela, jokalariak aldageletara joan dira golik gabeko berdinketarekin.

Bigarren zatian, Alavesek goitik behera aldatu du neurketa

Bigarren zatian, Alavesek goitik behera aldatu du neurketa. Berdegunean, Lucas Perez sartu da Deyversonen ordez, eta aurrelariak bizitasuna ikaragarria eman dio taldeari. Izan ere, lehen minututik talde arabarrak behin eta berriz erasora jokatu du, eta gol aukerak bata bestearen atzetik etorri dira. Lehenengo aukera paregabea Edgar Mendezek izan du, baina gutxigatik ezin izan du errematatu Lucas Perezek egindako erdiraketa.

Athleticek arazoak izan ditu baloia izateko, eta, horren ondorioz, jokoa beti bere area inguruan izan da. Une batetik bestera gola etorriko zela aurreikusten zen, eta halaxe izan da. 74. minutuan, Lucas Perezek erdiratutako falta Elyk buruz ukitu du, eta baloia saretara joan da. Bat eta hutsezkoa markagailuan, eta hiru puntuak Mendizorrotzan gelditzeko urrats izugarria. Hortik aurrera, gol aukerarik onenak Alaves taldearenak izan dira. Talde zuri-gorria nahi eta ezinean aritu da partida bukatu arte. Azken unean, Raul Garciak egindako errematea Pachecok kornerrera desbideratu du, eta hori izan da Athleticek izan duen aukera bakarra.

Orain, Ligako bi asteko etena izango da, eta hurrengo neurketa Elche taldearen aurka

Aspaldiko partez garaipena eta hiru puntuak. Ez hori bakarrik, taldeak emandako itxura ona izan da eta lortutakoak balio izango du konfiantza hartzeko eta lasaitasun handiagorekin aurrera begiratzeko. Orain, Ligako bi asteko etena izango da, eta hurrengo neurketa Elche taldearen aurka. Aukera ezin hobea hiru puntu gehiago lortu ahal izateko.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia (64’. Ely), Lejeune; Edgar Mendez (90’. Javi Lopez), Tomas Pina (75’. Manu Garcia), Battaglia, Pere Pons, Ruben Duarte; Deyverson (45’. Lucas Pérez), Joselu.
    • Txartel horiak: 84’. Ruben Duarte, 86’. Ruben Duarte.
    • Txartel gorria: 86’. Ruben Duarte.
  • Athletic: Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri (49. Balenziaga); Unai Lopez (79’. Berenguer), Dani Garcia; Williams (79’. Villalibre), Sancet (59’. Muniain), Cordoba (59’. Morcillo); Raul Garcia.
    • Txartel horiak: 20’. Dani Garcia, 62’. Unai Nuñez, 64’. Iñigo Martinez.

Golak

  • 1-0: 74’. Ely.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik, zalerik gabe. Era honetako derbietan oso garrantzitsua da zaleen bultzada. Baina momentuz saskibaloira joatea posiblea baldin bada oraindik orain futboleko harmailetan zaleak ez dira izango. Ordezko jokalariak hor izan da harmailetan sakabanaturik musukoarekin. Entrenatzaileak, ordea, musukorik gabe aritu dira aginduak emanez. Hori gertatzen den bitartez, deigarria baita gainontzeko guztiak musukoarekin ikustea.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Egun zoragarria derbia bizitzeko. Halere, Alde Zaharrean zale askorik ez. Bufanda eta elastiko zuri-gorririk oso gutxi.
  • Ea garaipena lortzen dugun bestela jai. Zuloan sartuz gero hortik ateratzea oso zaila izango da. Ikusiko duzue.
  • Machin, Machin, Machin, berriz ere hiru atzelariekin. Ikusiko dugu behingoz sistema horrek emaitzarik ematen duen.
  • Oso ondo kokatuta dago taldea. Oso ondo. Gutxienez, lehen helburua golik ez jasotzea betetzen ari da.
  • Bada, Athletic ez da gauza handirik. Oso justu dabiltza. Alaves ondo ari da zelai erdian, gutxienez baloiak lapurtzen dituzte. Tomas Pina oso jokalaria baliotsua da. Bera dagoenean taldeak beste itxura ematen du.
  • Ondo golik gabeko berdinketa atsedenaldian. Orain bigarren zatian gola egin behar dugu.
  • Entrenatzaileak mugitu du aulkia. Ea Lucas Perezek erasoko jokoari ematen dion bizitasuna.
  • Ondo, ondo Lucas Perez, oso ondo. Taldeak gola merezi du. Ea egiten duen eta horren ondorioz garaipena lortzen dugun.
  • Gooooooool, goooooool. Ely-ren gola. Garaipena, seguru baietz. Era honetako partiduetan gola egiten duena irabazten du. Ea egia izaten den.
  • Baietz, baietz hiru puntuak Mendizorrotzan geldituko dira. Ondo ari da taldea. Ea hiru puntu horiek lasaitasuna hartzeko balio duten!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide