Baskonia 76-63 Real Madril

Ilusioz beteriko garaipena

Aritz Mtz. de Luna 2020ko urr. 2a, 23:10
Pierria Henry izan da Baskoniako jokalaririk nabarmenduena. / Argazkia: @euroleague

Euroligako lehen garaipena eskuratu du Baskoniak Real Madrilen kontrako partida lehiatuan.

TDSystems Baskonia

76

Real Madril

63

Beti da albiste ona Euroligan garaipena lortzea; eta beti da pozgarria Real Madril menpean hartzea. Are gehiago denboraldiko lehen partida bada eta iazko Euroliga txarra atzean utzi eta denboraldi berriari ilusioz beterik ekiteko balio badu. Gaurkoan, gainera, Covid19aren eraginez bizi dugun egoera aldrebesean, lehen aldiz zaletuen aurrean jokatzeko aukera izan du Baskoniak. Zozketa bidez aukeratutako 400 zaletuek izan dute Buesa Arenan garaipena ospatzeko aukera.

Ezin esan partida ikusgarria eta ona izan denik, baina bai lehia gogorra eta emozioa izan dituena. Txapelketa europearrean ohikoa izaten da urteko lehen jardunaldian joko trabatu eta nahasia ikustea, eta hala izan da gaurkoan. Ivanovicek ondo dago kalitateari dagokionez Real Madril talde hobea dela, eta saskiratze trukaketa batean galtzea litzatekeela ohikoa. Horren ordez, defentsa lanean oinarritu dute gasteiztarrek beraien jokoa, eta Pablo Lasoren mutilei ohiko duten erritmo bizia oztopatu egin diete lehia osoan zehar.

Puntu gutxi markagailuan eta alde estua partida osoan zehar. Garaipena lortzeko aukera bi taldeetako edozeinek izan du eskura azken laurdenaren hasieran. Gasteiztarren zorionerako, minutu erabakigarrietan jokalari bat nabarmendu da beste guztien gainetik, Pierria Henry joko-antolatzaile estatu batuarra. Esaldi bakarra behar izan du Ivanovic entrenatzaileak partidako ondorengo prentsaurrekoan garaipenaren bi gakoak zeintzuk izan diren laburbiltzeko: taldearen defentsa lana eta Henryk azken minutuetan izandako inspirazioa. Ilinoiskoak 23 puntu eta 6 asistentzia eskuratu ditu eta berak erabaki du lehia. Halere, talde osoak erakutsi du lanerako gogoa 40 minutuetan zehar eta asko izan dira garaipena eskuratzeko garrantzitsuak: Peters (18 puntu), Vildoza (12p) edota Giedraitis (12p) esate baterako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide