Dantza garaikideaz harago

Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 17:41

Win Wenders zuzendariaren 'Pina' dokumentalarekin hasiko da gaur jaialdia. / 'Pina'

Dantza eta amatasunaren arteko lotura izango da aurtengo Tzan Tzan jaialdiko gidarietako bat; gazteen sorkuntzari ere arreta berezia jarriko diote.

Bueltan da dantza garaikidea ardatz duen Tzan Tzan Fest jaialdia. Urriaren 18ra bitartean, dantza saio eskaintza zabala izango da, baina horrekin batera bestelako jarduerak antolatu dituzte aurten. Gainera, Gasteizekin batera, Amurrio ere izango da agertoki. "Eskaintza eszenikoa zinema proiekzio edo tailerrekin aberastu nahi genuen; publiko berrietara heldu nahi dugu, agian aurreko edizioetan parte hartu ez duten baina jaialdiarekiko jakin-mina duten pertsonen arreta erakarriz", azaldu dute hitzorduaren antolatzaile diren Baratzako kideek.

Aurten jaialdiak arreta berezia eskainiko dio gazteen sorkuntzari, bai Under 30 pieza programaren bidez, eta baita 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako formakuntza proposamenarekin. "Talentu gaztez inguratuta gaude, profesionalizazio bidean eta amateur mailan ere. Gure ustez, funtsezkoa da hori bi norabide horietan babestea".

Era berean, dantza eta amatasunez osatutako bikoteak ere bere tartea izango du jaialdian. "Bizitza sortzaileengandik ere pasatzen da, eta amatasuna dantzariengan, koreografoengan, kudeatzaileengan... eragiten duen une bat da", aipatu dute Baratzatik. 

Jaialdia Pina Bausch dantza garaikideko koreografoari buruzko dokumentalarekin hasiko da gaur, 20:00etan Baratza aretoan. Hurrengo egunetarako programa Baratza aretoaren webgunean kontsultatu daiteke.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago