"Mahai gainean jartzen ez diren gaiak aurkeztu nahi izan ditut"

Anakoz Amenabar 2020ko urr. 3a, 08:00

Letrame argitaletxearekin aurkeztu du 'Bizimundua' liburua Itziar Uriartek. / Bizimundua

Oihaneder Euskararen Etxeak lagunduta, Batera deialdiari esker, 'Bizimundua' izeneko proiektua aurkeztu du Itziar Uriarte gasteiztarrak, azken urteetan munduan barrena egindako bidaietatik jasotako sei ipuinez osatutako liburua; mundua hankaz gora jartzen duen salaketa lurrikara izan nahi du.

Peru, India, Maroko, Kenia, Vietnam. Hamaika herrialde bisitatu ditu azken urteetan Itziar Uriartek (Gasteiz, 1990), eta horietan bildutako istorio eta esperientziekin Bizimundua izeneko liburua aurkeztu du. Irakurlea "astintzeko" asmoz idatzitako sei ipuin, bazter desberdinetako bidegabekeriak mahai gainean jarri nahi dituena. Oihaneder Euskararen Etxeak abian jarritako Batera deialdiari esker izan da posible liburua argitaratzea, hainbat ipuin zeinu hizkuntzan ikusi eta braillez irakurtzeko aukerarekin batera.   

Irakurlea esnarazteko ipuinak izan daitezke, latzak horietako asko. Asmo horrekin idatzi zenituen?

Hasiera batean nire beharretik hasi zen idazteko gogoa, terapeutikoa den heinean, baina gerora ikusi dut nire ingurunean eta ni neu ere amets batean egon garela, babes burbuila batean gaudela goxo-goxo, eta beharrezkoa dugula pixka bat harago ikustea, eta, mingarria bada ere, jasotzea beste lekuetako istorio latz horiek.

Fikzioa eta errealitatea nahasten dira istorioetan?

Bai. Badira zenbait ipuin kontatu dizkidatenak, eta badira beste batzuk jaso ditudan informazioetatik abiatuta sortu ditudanak; pare bat behintzat nik lehenengo pertsonan jaso ditudanak eta gero nik moldatu eta ipuin moduan aurkeztutakoak.

Noiztik zenuen liburu hau buruan?

Nire lehenengo boluntariotza egin nuenetik. Indiara egin nuen, eta koaderno batean egunerokoa idazten hasi nintzen; nahiz eta aspalditik idatzi izan dudan, uste dut koaderno horretatik abiatu zela gero idazten jarraitzeko gura hori eta Bizimundua proiektu hau. Hasiera batean koadernoak etxera ekarri, hemen berriz irakurri eta hortik sortzen ziren istorioak, baina azken aldietan kanpoan izan naizenean eguneroko hori idatzi bitartean ere ideiak bururatu zaizkit.    

Horiek Oihaneder Euskararen Etxeak aurkeztutako Batera sortzaileentzako deialdiari esker liburu bilakatu dira azkenik.

Sekulako ametsa zen aspalditik liburu bat argitaratzea buruan nituen istorio hauekin, betiere jendea mugitu edo esnatzeko asmoz. Egitasmo horri esker errealitate bilakatu da.

Indiara egin zenuen lehenengo bidaia, eta lehenengo ipuina ere han gertatzen da.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker, aukera eskaini zidaten eta hara joan nintzen hiru hilabetez herri txiki batean eskola batean lan egitera. Oso herrialde desberdina da, gogorra, hiriak batez ere. Eta bidaia horrek uste dut aldatu zuela nire bizitza erabat; mundua ikusi eta kontatzeko beharra piztu zitzaidan, mingarria bada ere.

Eskolako irakasle lana oso desberdina zen han? 

Hemen aurrerapausoak ematen ari gara hezkuntzan, eta han, aldiz, oso tradizionala da. Baina han ikusi nuen gogorrena, hasiera hasieratik, indarkeriaren erabilera izan zen; lehenengo egunean bertan, eskola erakusten zidaten bitartean, belauniko zigortutako ume bat ikusi nuen... Indiako ipuina han kontatutako istorio eta kontakizunetatik abiatuta idatzi nuen; emakume jaiotzeagatik baldintzatuta dago zure bizitza edonon, baina han bereziki.

Eskolan eztabaida pizteko ipuin aproposak izan daitezke.

Eskolan lantzeko oso aproposak iruditzen zaizkit, baina baita beste esparru batzuetan ere; mahai gainean jartzen ez diren gaiak aurkeztu nahi izan ditut liburu honekin, eta horiei buruz hausnartzeko egokiak izan daitezke. Esango nuke hemengo ikasleek ez dituztela gertu sentituko hango istorioak, baina horretarako ere bada liburu hau, beste bizimodu batzuk ere badaudela erakusteko.    

Gobernuz Kanpoko Erakundeei kritika egiten zaie maiz laguntza "inperialista" delakoan...   

Eta ulertzen dut zalantza hori. Kontu handiz ibili beharko ginateke, hori hala da. Baina, hein handi batean, iparraldea gara egoera honen erantzule, eta ondorioz lapurtzen dugun guztitik pixkat bueltatzea dagokigula uste dut. Nik neuk pentsatzen dut askoz gehiago eramaten dudala uzten dudana baino, hori ere egia da, baina uste dut halere garrantzitsua dela egiten den lana. Eta, batez ere, tresnak ematea herrialde bakoitzak proiektu horiekin jarraitu ahal izateko. Bestalde, boluntario moduan, oso harrera ona eman didate beti, jakin-min handia dute zu ezagutzeko, eta beharbada guk daramagu errezeloa hemendik.

Zein izango da hurrengo abentura?

Zaporeak-eko kideekin Morian egoteko aukera izan dut aurten, latza hori ere, baina oraindik ez dut argi hurrengoa. Halere, errealitateak ikusi eta kontatzen jarraitzeko gogoa dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago