Bernaola Zikloak hamabost kontzertu eskainiko ditu otsailera bitartean

Erredakzioa 2020ko urr. 1a, 18:57
Dzast Ahotsak Abesbatzaren kontzertu baten irudia. / BERNAOLAZIKLOA.eus

Doako 15 kontzertuk osatuko dute Musika Garaikidearen Nazioarteko Zikloaren XVII. edizioa. Ohi baino askoz ere denbora tarte zabalagoan luzatuko da aurten: urriaren 3an hasi eta otsailaren 22an bukatuko da. 

Sorkuntza berriko musika garaikideari lotutako 15 kontzertu eta hainbat lanen estreinaldi garrantzitsuak izango dira 2020/2021eko Bernaola Zikloan; emanaldi guztiak doakoak izango dira, edukiera bete arte. Bi kontzertu Donostian izango dira, eta beste bat Bilbon.

Euskal artistek protagonismo berezia izango dute aurtengo programazioan, eta Ensemble Kuraia bezalako ibilbide luzeko taldeak ikusi ahal izango dira. Talde berriagoei dagokienez, adibidez, nazioarteko proiekzio handiko artista gazteek osatutako AkarTia hirukotearen mundu mailako aurkezpena hartuko du Zikloak; zinemarako 90 soinu banda baino gehiagorengatik oso ezaguna den Pascal Gaigne konpositore handiaren obra bat estreinatuko dute.

Bestalde, Artium museoan, inprobisazioaren figura handiak ikusteko aukera izango da: Phil Minton eta Isabelle Duthoit abeslariak; eta Julyen Hamilton dantzaria, Zuriñe Benavente eta Dzast Ahotsak abesbatzarekin elkarrizketan.

Horrez gain, ekoizpen propioan oinarritutako beste hainbat emanaldi eskainiko ditu Bernaola Zikloak: Guridi Garaikidea, Jesus Guridi kontserbatorioko ikasleekin; Akusma, musika elektroakustikoari eskainia; AmetsOlak, txalaparta protagonista hartuta; Ensemble Sinkro, Gasteizko konpositoreen estreinaldiekin; eta Sofia Martinezi eskainitako CD berriaren aurkezpena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide