Villarreal 3 - 1 Alaves

Alaves esku hutsik gelditu da Vilarrealen zelaian

Ibon Gorrisi 2020ko urr. 1a, 08:30
Epaileak VARren laguntzarekin arabarren aurkako penaltia adierazi du 44. minutuan. / LA LIGA

Defentsan bigunegia aritu ondoren 3-1 galdu du.

Villarreal

3

Alaves

1

Alavesek, atzealdean bigunegia aritu ondoren, 3-1 galdu du Vilarrealen aurka. Taldea ezinean ari da. Jokaturiko lau partidetan puntu bakarra lortu du. Joko sistema aldaketak, hamaikakoan egindako aldaketak eta golik egiteko zailtasunak izateak, guzti horrek zalantzak sortzen ditu. Halere, taldeak neurketa guztietan adorea eta borondatea erakutsi du.

Jokaturiko lau partidetan puntu bakarra lortu du Alavesek

Defentsan pitzadurarik ez izatea da talde honen helbururik nagusiena. Halere, orain arte jokaturiko neurketa guztietan akatsik handiena hor izan da. Vilarrealen aurka golik ez jasotzea izan da entrenatzailearen agindua. Dena den, lehen minututik ikusi da etxeko taldeak baloia ondo baino hobeto erabiltzen duela. Hau da, teknikoki Alaves baino gehiago dela. Erdilariek pase luzeak eginez gol aukerak sortu dituzte.

Horietariko batean, Moi Gomez eta Alcacer aurrelariak Pacheco atezainaren aurrean gelditu dira. Eskerrak azken unean Lejeune atzelaria agertu dela baloia desbideratzeko. Hurrengo jokaldian partiduko lehen gola etorri da. Parejo erdilariak pase bikaina sartu dio Gasparri, eta honek lehen zutoinera egindako erdiraketa Alcacerrek saretara bidali du.

Gola jaso ondoren, arabarrek adorea erakutsi eta presioa aurreratu dute. Horren ondorioz, zenbait baloi berreskuratu dituzte areatik gertu, baina ez dira gauza izan gola lortu ahal izateko. Dena den, zenbait minutuetan Vilarrealek bigarren gola egingo zuela zirudien. Baina, gauzak nolakoak diren! Halako batean, banako berdinketa etorri da, Asenjoren opari galanta bati esker. Deyversonen egindako pase luzea, arriskurik gabekoa, atezainari gainetik pasa zaio, eta Edgar Mendezek erraz sarera bidali du baloia.

Vilarrealek aukera gehiago izan ditu eta 66. minutuan Alcacerrek 3-1ekoa egin du

Merezita edo merezi gabe, bazirudien Alaves aldagelara joango zela berdinketarekin. Baina gauzak, berriz ere, erabat aldatu dira. Izan ere, epaileak VARren laguntzarekin arabarren aurkako penaltia adierazi du 44. minutuan. Inortxok ere ikusi ez duen penaltia adierazi du, eta Gerard Morenok ez du barkatu Pachecoren aurrean. Berriz ere, partida maldan gora.

Bigarren zatian bide beretik joan da neurketa. Alavesek presio izugarria eginez baina etekinik atera gabe. Vilarrealek aukera gehiago izan ditu eta 66. minutuan Alcacerrek 3-1ekoa egin du. Hortik aurrera, arabarrek ez dute amorerik eman, eta ordezkoen aulkitik ateratako jokalariek ahaleginak egin dituzte gola egiteko. Partidan sartzeko aukerak izan dituzte, bai Guidetti nola Lucas aurrelariek. Baina taldeari asko kostatzen zaio gola egitea.

Puntuen premian dago taldea, horrexegatik aukera ezin hobea izan daiteke hurrengo igandean, eguerdiko 14:00etan Mendizorrotzan, Athleticen kontra garaipena lortzea.

Hamaikakoak

  • Villarreal: Asenjo; Mario, Albiol, Pau Torres, Estupiñan (76’. Jaume Costa); Iborra; Gerard Moreno (83’. Bacca), Trigueros (74’. Kubo), Parejo, Moi Gomez (83’. Funes), Alcacer (83’. Chukwueze).
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia (82’. Ely), Lejeune Ruben Duarte (75’. Manu Garcia); Edgar Mendez (75’. Sergi Garcia), Battaglia, Pere Pons, Borja Sainz (65’. Luis Rioja); Deyverson (65’. Guidetti),  Lucas Perez.
    • Txartel horiak: 73’. Laguardia, 81’. Ximo Navarro.

Golak

  • 1-0: 12’. Alcacer
  • 1-1: 35’. Edgar Méndez
  • 2-1: 44’. Gerard Moreno (penaltiz)
  • 3-1: 66’. Alcacer

La Ceramica futbol zelaiko harmailak

Neurketa, ohi bezala, ateak itxita jokatu da. Alavesek elastiko zurigorriarekin jokatu du. Ordezko jokalariak musukoarekin izan dira harmailetan sakabanaturik. Futbol zelai guztietan bezalaxe etxeko taldeak bozgorailuak erabili ditu bere jokalariei animoak emateko.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Beno, gutxienez, arratsaldez eta zazpietan partida. Ez dago gaizki. Agian hurrengo derbian Mendizorrotzan zale batzuk sartuko dira. Baskonia eta Real Madrilen aurkako partidan sartuko dira, ezta?

  • Beno, bada, gero gerokoa eta gaur zerbait egiten dugun. Gutxienez alaitasunez jokatu, aukerak sortu, hau da, zerbait egitea.

  • Hor gabiltza beti atzealdeko sistemarekin eta aurrealdean zer? Golik ez dugu egiten eta, jakina, egin gabe ez dago irabazterik.

  • Beno, berriz ere, lauko defentsan. Ikusiko dugu ea zulorik ez dagoen.

  • Hasi bezain pronto, gola egin dute. Hau da hau! Hau komeriak! Zer nolako akatsa atzealdean. Ez dago ulertzerik. Aurrelaria bakar bakarrik area txikian.

  • Bigarrena egingo dute berehala, ikusiko duzue. Hala, hala, baina hori zortea. Vila-real atezainaren hutsa, hori bai dela akatsa. Baloia jan du. Beno, gutxienez, 1-1koa eta aldageletara.

  • Baina zer da hau, zer dio epaileak, penaltia. Baina, baten batek ikusi al du penaltia. Beno, bada, 2-1koa eta taldeak ez du hobera egiten.

  • Bigarren zatian gauzak ez dira batere aldatu. Bufff, hirugarrena egin dute. Hortik aurrera sufrikarioa.

  • Beno, taldea ari da, ari da. Gutxienez, ez dute amore ematen eta hor borrokan jarraitzen dute. Bukatu da akabo. Puntu bakarra lau partidetan eta orain komeriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide