Aguraingo Azoka

"Ez-jaietarako" deia egin dute Agurainen

Erredakzioa 2020ko irailaren 30a

Jende kontzentrazioak saihesteko deia egin dute. / Aguraingo Udala

Deialdi bateratua egin dute Aguraingo Udalak, Alaitsuenak batzordeak eta Lautada Bizirik elkarteak.

Aguraingo Udalak, Alaitsuenak blusa eta nesken batozordeak eta Lautada Bizirik ostalaritza elkarteak "ez-jaietarako" deialdi bateratu bat egin dute, eta mezu argia helarazi diete herritarrei: "Aurten, erantzukizunagatik, ez da tokatzen; ezta Agurainen ere".

Udaletik azaldu dute erabaki zaila hartu zutela uztailean Arrosarioko Ama Birjinaren omenezko azokak eta urrian ospatzen diren jaiak bertan behera uzteko, eta, horren ondorioz, egun horietarako programatuta zeuden jarduera eta festa guztiak bertan behera uzteko. "Jaiaren hasierako une magikoak, neska eta blusa koadrilen zalapartak, astearteko azokak (aurten 625. edizioa zen), behiek, ardiek, ahuntzek, zaldiek, arratsaldeko ohiko pilota partida profesionalek... eta beste hainbeste momentuk... itxaron beharko dute", nabarmendu dute deialdian. Jai egun horiek ez ospatzeko deia babesten dute denek, "erantzukizunagatik, eta batez ere, aguraindarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko, birusa kutsatzeko eta zabaltzeko arriskua dago eta".

Pandemiaren ondorioak ez direla erabat gainditu gogoratu dute, eta pertsonen edozein kontzentrazio-mota saihesteko eta gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzeko ahalegina egin behar dela berretsi. "Denok dugu festarako gogo handia, baina honek itxaron egin beharko du".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago