Etxeratek elkarfunding kanpaina bat abiatu du, euskal presoen senideei laguntzeko

Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 14:00
Asteazken honetan, agerraldia egin dute Iruña Okako Bideko Araba gasolindegian. / ETXERAT

Gasolinarako dirua behar dugu dinamikaren barruan, senideek bisitak egin ahal izateko urtean egin behar dituzten 14.617.304 kilometroetako batzuk erosteko aukera emango dute, elkarfunding elkartasun kanpaina baten bitartez.

Etxerat elkartea kezkatuta dago Covid-19ak euskal presoengan eta euren senide eta lagunengan eragindako egoeragatik: "Zama gehigarri handia suposatzen du, urrunketa jasaten jarraitzen dutelako", ohartarazi dute. Horregatik, joan den ekainean, Gasolinarako dirua behar dugu, depositoak bete elkartasun kanpaina abiatu zuten. Dinamikaren helburu nagusia senideei ekonomikoki laguntzea da, "neurri batean, egoera arintzen saiatzeko".

Ildo horretan, kanpainaren bigarren urratsa eman dute asteazken honetan Iruña Okako gasolindegian egindako agerraldian; bertan, udan zehar jasotako elkartasuna eskertu dute. Gainera, senideek egiten dituzten kilometroak modu solidarioan erosteko aukera ireki dute orain, elkarfunding baten bitartez.

Dagoeneko herri eta auzo guztietan parte hartu ahal izango du nahi duen orok, nahi beste kilometro erosiz. Trukean, albaran bat eta, laster, ekarpenari dagokion materiala jasoko da. Hiru aukera egongo dira laguntzeko:

  • 130 kilometro: 10 euroko dohaintzaren bidez; trukean, poltsa bat opari.
  • 190 kilometro: 15 euroko dohaintzaren bidez; trukean, kamiseta bat opari.
  • 260 kilometro: 20 euroko dohaintzaren bidez; trukean, poltsa, kamiseta eta giltzatako-zintzilikari bana opari.

Kilometroak erosteko aukeraz gain, Depositoak Bete Elkartasun dinamikaren webgunean materiala erosteko online denda bat gaitu dute.

Presoak inoiz baino isolatuago

Pandemia garaian, euskal presoen senideek 100 eguneko epea bizi izan dute bisitarik gabe. Hiru hilabete luze eman dituzte euren senide presoak ikusi gabe, eta, gaur egun, euskal presoak dauden 44 espetxeetatik 30etan baino gehiagotan, aurrez aurreko komunikazioek etenda jarraitzen dute.

"Barruan, gure senideak inoiz baino isolatuago daude", ohartarazi dute agerraldian. "Kanpoan, otsailaz geroztik gurasoak ikusi gabe daramatzaten haurrak eta adineko pertsonak; eragozpen berriei, segurtasun ezari eta urduritasunari aurre egin ezin dietenak".

Halaber, Etxeratek salatu du pandemiagatik ez dutela inor espetxetik atera: "Ez larri gaixorik dauden 17 pertsonak, ez 65 urtetik gorako 14 pertsonak, ez espetxean seme-alabak dituzten presoak, ezta haurdun dauden emakumeak ere".

Premiazko hainbat neurri martxan jartzea eskatu dute: "Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, eta hirugarren gradua eskuratu dezaketen presoak, larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak arrisku-taldeak baitira aske uztea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide