Arabako lan munduan euskararen alde lan egin dutenak sarituko ditugu Lazarraga Sarietan

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2020ko irailaren 30a

  • Lazarraga Sarien seigarren edizioa aurkeztu dugu Arabako Foru Aldundiarekin batera.

  • Alor sozioekonomikoa / lan mundua eta euskara uztartzen diren eremuan kokatu behar dira Lazarraga Sariak, elkarlanetik sortu eta antolaturiko egitasmo gisa.

  • Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an izango da eta hautagaiak proposatzeko prozedura zabalik dago. 

Lan munduarekin eta euskararekin lotutako Lazarraga Sariak aurkeztu dituzte Lexuri Ugartek, Arabako Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak, eta Rober Gutiérrezek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak. Hain zuzen, Lazarraga Sarien seigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundian egin duten prentsaren aurreko agerraldian.

Lazarraga Sarien helburu nagusia da Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea, haien ahalegina aitortzea eta eredua zabaltzea.

Euskara txertatzea, berrikuntzaren alde egitea

Lexuri Ugartek COVID-19aren pandemia egoera ekarri du gogora aurkezpenean. Azpimarratu du ”egoera aldeko denean bultza egin behar bada, are gehiago” egin behar dela egoera zailagoa denean ere. “Atzera urratsik ez egitea aurrera egitea da. Sariketa inoiz baino premiazkoa izan daiteke aurten. Horregatik, ohi bezala, sarituko dira nola entitateak hala pertsonak, biak eskutik behar-beharrezkoak dira eta”, gaineratu du.

Ugartek aipatu du hizkuntza kudeaketa egokia egitea berrikuntzaren alde egitea dela: “Gizarte berrikuntzan eta berrikuntza sozialean ari diren enpresak gaur egun euskara txertatzen ari dira, erronka dute; erantzunkizun soziala haizea bezala zabaltzen den izaera dela erakusten dute”, esan du.

Euskara, ongizaterako giltzarri

Rober Gutiérrezek nabarmendu du “euskara ongizaterako giltzarri” dela. Egoera honetan, geroa ekarrekin eraiki behar dugu, gure ongizatea eta lurraldearena hizkuntzekin ere lotu behar direla esan du, eta gure kasuan, euskara dela gure ongizaterako giltzarrietako bat. 

Gutiérrezek gaineratu du “elkarlanean” aritu behar dugula elkarri aitortuz alor sozioekonomikoan bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten. Izan ere, esan du, “ euskararen sustapena denon inplikazioa behar duen prozesu kolektiboa” dela. 

Bost saritu

Aurtengo sariketan bost sari dira, erakunde zein nobanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko honako irizpideak hartuko dira kontutan:

  • Zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko.

  • Zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.

Era berean, ezarritako beste neurri edo baliabide batzuk ere kontua hartuko dira, hala nola:

  • Euskaraz lan egiteko baliabideak.

  • Kontratazioak.

  • Barne agiriak.

  • Kanpo komunikazioa.

  • Hizkuntza paisaia.

  • Produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak.

  • Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan.

  • Formazioa euskaraz eskaintzea.

  • Euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean.

  • Erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera.

  • Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.

Hautagaitzak, urriaren 30era arte

Hautagaitzak pertsona fisikoek zein entitateek aurkez ditzakete. Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean egoitza izatea da baldintza bakarra hautagai moduan aurkezteko. Proposamen horretan, emandako informazioa eta arrazoien azalpenak kontuan hartuko dira eta edozein euskarri erabili ahal izango da entitate edo pertsonaren ekintzak erakusteko.

Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 30era arte zabalik egongo da eta bide ezberdinak egongo dira propoosamenak egiteko:

Azken izendapenak eta irabazleak erabakiko dituen epaimahaia Lanabes proiektuaren talde eragileak osaturik dago. 

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an izango da. Arrazoiak eta aurkeztutako dokumentazioa baloratuko dugu eta saridunei Lazarragaren eskuizkribuan oinarrituriko litografia eta eskuizkribua banatuko zaizkie.

Aurreko urteetako saridunak

  • 2018: Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, Trebiñu Sagardotegia, Baiona Hortz Klinika, Gamarrako Ostalaritza eskola eta Paul Urkijo.

  • 2016: Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta  Ciudad Jardín

  • 2014: Besa upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia

  • 2012: Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía

  • 2010: Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Skunk Funk eta Launa Upategia

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago