Gazte Talent lehiaketaren seigarren edizioa iritsi da

Erredakzioa 2020ko ira. 29a, 17:30
2018ko Gazte Talent lehiaketako finalaren irudi bat. / DELENDA EST

14 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Talent 2020 musika lehiaketaren oinarriak plazaratu ditu Jimmy Jazz elkarteak. Arabako bakarlari eta musika taldeek euren lanak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 13ra arte.

Jimmy Jazz elkarteak antolatzen duen Gazte Talent lehiaketak sei urte bete ditu 2020an, eta bere seigarren edizioa jarri du martxan, Gauekoak, Laboral Kutxa, Araba Euskaraz eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Dagoeneko plazaratu dituzte lehiaketaren oinarriak.

Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Adinaren arabera, bi kategoria daude: Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat; eta Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Lehiaketan parte hartu ahal izateko agiriak aurkezteko epea irailaren 28 hasi eta azaroaren 13ra arte —biak barne— luzatuko da.

Hamar talde finalistak azaroaren 18an jakinaraziko ditu hautaketa batzorde batek. Finalak, berriz, urteko azken hilean izango dira: abenduaren 3an, Gazte Talent Laboral Kutxa saria; eta hilaren 4an, gazteagoen txanda, Gazte Talent saria; kasu honetan, musikako profesionalek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu irabazleak. 

Antolatzaileek oinarrietan azaldu dute osasun egoeraren arabera egokituko dela finalen formatua; posible bada, kontzertuak Jimmy Jazz aretoan egingo dira.

Sariak

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Laboral Kutxa Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andra Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide