Estudiantes 84 - 86 Baskonia

Uste baino gehiago sufritutako garaipena

Aritz Mtz. de Luna 2020ko irailaren 26a

Azken minutuan lortu du Baskoniak garaipena Estudiantesen kontra. / Argazkia: baskonia.com

Estudiantesen kontra, ligako hirugarren garaipena lortu du Baskoniak (84-86).

Movistar Esutdiantes

84

TDsystems Baskonia

86

Talde sendoagoa izaki, eta lehen bi jardunaldietan lortutako garaipenak kontuan hartuta, Baskonia faborito argia zen gaur iluntzeko partidan. Estudiantesek aldiz garaipenaren zaporea ezagutu gabe ekin dio gaurko lehiari, eta gose gehiagoz kantxaratu dira madrildarrak.

Ivanovicen mutilak ez dira aurreko jardunaldietan erakutsitako defentsa lanerako prest azaldu, eta, horrez gain, Estudiantesek planteatu duen defentsa zonalak gasteiztarrei joko erritmo erosoa aurkitzea oztopatu die. Partida osoan zehar markagailuan atzetik aritu da Baskonia, eta azken laurdenean defentsa pixka bat gogortuta aldea murriztu eta markagailua berdintzea lortu dute azkenik.

Madrildarren artetik Roberson antolatzaileak hartu du erantzukizun guztia, eta jokalari bakarrak garaipen lortzeko aukera ugari eman dizkio Estudiantesi. 26 puntu lortu ditu estatubatuarrak, horietarik gehienak azken laurdenean; baina ez da nahikoa izan ligako lehen garaipena lortzeko. Baskoniak minutu erabakigarriak jokatzeko heldutasun gehiago erakutsi du gaurkoan, eta urduritasunak alde batera utzita denboraldiko hirugarren garaipena ekarriko du etxera.

Denboraldia hasi berria bada ere, gasteiztarrek lehen neke zantzuak erakutsi dituzte gaurkoan, zazpi egunetan hiru partida jokatu eta gero. Erritmo falta horrek taldean hutsuneak badirela azalerazi du, tamalez. Dragic min hartuta egoteak, eta Vildozak, itxuraz sabeleko arazoak medio, jokatu ezinik ibiltzeak lehiakor aritzeko aukera gutxiago ematen dio taldeari. Ezbairik gabe jokalari guztiak beharko ditu Zurbaoko taldeak hastear dagoen Euroligari berme nahikoaz ekin nahi badio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago