Alaves 0 - 0 Getafe

Alavesek denboraldi honetako lehen puntua lortu du

Ibon Gorrisi 2020ko ira. 26a, 18:33
Taldeek aukerak sortu dituzte, baina ez dira gauza izan baloia saretara bidaltzeko. / LA LIGA

Irabaztea merezi izan du baina hutsean berdindu du Getaferen kontra.

Alaves

0

Getafe

0

Alavesek itxura ona eman du eta gola falta izan zaio garaipena lortu ahal izateko. Pixkanaka hobera egiten ari da taldea. Gaur, Mendizorrotzan ahaleginak egin arren, hutsean berdindu du Getaferen kontra. Futboleko saltsa eta perrexila da gola, eta hori gabe ez dago irabazterik. Halere, denboraldi honetako lehen puntua poltsikoratu du eta hori oso garrantzitsua izan da.

Alavesek itxura ona eman du eta gola falta izan zaio garaipena lortu ahal izateko

Hasieratik, bi taldeek erasoko jokoari ekin diote. Joan etorriko neurketa izan da eta gol aukera dezente sortu dituzte. Ezbairik gabe, garbiena talde arabarrak izan du Deyverson aurrelariaren bitartez. Bakar bakarrik gelditu da Soria atezainaren aurrean baina baloia gehiegi loratu du. Aukera paregabea, baina ezerezean gelditu da. Getafe oso talde sendoa eta langilea da. Presioa ikaragarria egiten du baina arazoak izan ditu balioa berreskuratzeko, Alavesek behin eta berriz luze jokatu duelako. Halere, talde madrildarrak gol aukerak sortu ditu, eta, halako batean, Cucho Hernandez aurrelariak saretara bidali du baloia. Epaileak bertan behera utzi du jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatian ez dira gauzak gehiegi aldatu. Neurketa askoz trabatuago izan da; bi taldeek atzealdean sendotasun ikaragarria erakutsi dute. Dena den, bi taldeek gol aukerak sortu dituzte, baina azken unean ez dira gauza izan baloia saretara bidaltzeko. Bi entrenatzaileek aldaketak eginez garaipenaren gola bilatu dute, baina ezinezkoa izan da. Partidaren azken txanpan Alavesek erasora ekin dio behin eta berriz baina egindako erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Horren ondorioz, partida hasi bezalaxe amaitu da.

Gutxienez, puntu honek balio izango du orain arteko dinamika aldatzeko

Hau pena! Alavesek, aurreko neurketetan bezalaxe, gehiago merezi izan du, baina puntu bakarrarekin konformatu beharra dago. Gutxienez, puntu honek balio izango du orain arteko dinamika aldatzeko. Ea emandako itxura jarraipenik izaten duen hurrengo norgehiagokan. Izan ere, ia-ia tarterik gabe, hurrengo asteazkenean, irailak 30, 19:00etan, Vilarrealen aurka jokatuko du.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune Ruben Duarte; Edgar Mendez (87’. Borja Sainz), Battaglia (80’. Manu Garcia), Pere Pons, Luis Rioja (67’. Javi Lopez); Deyverson (80’. Lucas Perez), Joselu.
    • Txartel horiak:  64’ Battaglia; 74’ Lejeune.
  • Getafe: David Soria; Damian, Djené, Etxeita, Olivera; Nyom, Maksimovic (87’. Timor), Arambarri, Cucurella; Mata (46’. Ünal), Cucho Hernández (60’. Angel).
    • Txartel horiak: 58’ Djené 82’; Damian.

Golak

  • Golik gabe.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik. Halere, badirudi gero eta hurbilago dagoela zaleak bertaratzea. Aste honetan zenbait partidetan zaleak izan dira, eta gauzak behar bezala atera dira. Beti bezala, ordezko jokalariak musukoarekin eta sakabanaturik izan dira. Neurketa bide onetik joan da, eta pasadizo bezala esan behar da epaileak ez duela VAR erabili.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Eguerdiz berriz ere, partida. Ikusiko dugu. Gaur, bai ala bai hiru puntuak lortu behar bestela zuloan sartuko gara. Badakizue, ezta? Gero zulotik ateratzeko komeriak, presioa, nerbioak…
  • Beno, bada, gutxienez, betiko sistema, lau-lau-biko. Gutxienez, ez da entrenatzaile zurruna. Hau da, ikusten badu arazoak dituela eta defentsan egindako hutsak nabarmenak izan direla. Bada, aldaketa egin behar dago.
  • Ondo, ondo taldea. Erasora, horixe bera da egin behar dena. Alaitasunez jokatu, erasora. Gol aukerak sortu behar dira gola egiteko. Bestela jai!
  • Deyverson, Deyverson, baina… baina… Ah! Zer-nolako aukera. Aurrekoan Betisen aurka Laguardia eta oraingoan honek egin duena.
  • Hori da hori, garaipenaren bila atera dira. Haiek ere, ez dira kikiltzen. Beno, hutsean atsedenaldira baina itxura ona emanez.
  • Gola, gola behar dugu. Asko kostatzen zaio taldeari gola egitea. Komeriak gola egiteko. Benga, bada, erasora.
  • Orain trabatu egin da partida. Gutxienez, atzealdean sendo ari behar da golik ez jasotzeko.
  • Hori, hori, partidaren bukaera, erasora. Hori da gogoa izatea irabazteko.
  • Hau pena! Beno, bestaldetik begiratu behar da, puntu bat eta aurrera begiratu. Beno, gero gauez, Baskonia. Horiek bai eman diote hasiera bikaina denboraldiari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide