Fuenlabrada 73 - 89 Baskonia

Fuenlabrada baino talde sendoagoa dela erakutsi du Baskoniak

Erredakzioa 2020ko ira. 25a, 09:30
Talde jokoan oinarritutako garaipena lortu zuten gasteiztarrek. / Argazkia: baskonia.com

Larunbatean ligako hirugarren partida izango dute gasteiztarrek Estudiantesen kontra (20:45).

Urbas Fuenlabrada

73

TDsystems Baskonia

89

Partida osoa menperatuta, ligako bigarren garaipena eskuratu zuten gasteiztarrek atzo iluntzean Fuenlabradaren kontra. Lehen minutuetatik bi taldeen arteko erritmo eta joko mailan alde nabaria dagoela argi geratu zen eta lehen zatian bederen nahi bezala aritu ziren Ivanovicen mutilak.

Bigarren zatian Fuenlabradak partidan sartzeko saiakera egin zuen, batez ere Trimble joko antolatzailearen eskutik. 18 puntu lortu zituen estatu batuarrak hirugarren laurdenean. Baina jokalari bakarraren erakustaldiaren aurrean, Baskoniak defentsa lan sendoa eta erasoko talde-jokoa erakutsita ez zion aurkariari amesten jarraitzeko aukerarik eman. Rokas Giedraitis (20 puntu), Vildoza (14), Jekiri (13), Henry (11) eta Polonara (11) izan ziren erasoan jokalari azpimarragarrienak, baina Kurucs, Raieste eta Sedekerskis jokalari gazteek ere hazten jarraitzeko gaitasuna dutela erakutsi zuten. Albiste pozgarria ezbairik gabe.

Taldeak oraindik fitxaketak behar dituela uste dute aditu zein zaletu gehienek, batez ere Carrringtonek taldea denboraldia hasi aurretik utzi beharra zuela ikusi ondoren. Baina Ivanovic, itxuraz, pozik dago esku artean duen taldearekin eta oraingoz joko ona egiteko gai direla erakutsi ahal izan dute.

Endesa Ligako hasiera ona izan du Baskoniak eta garaipenen bideari jarraitzeko aukera berria izango dute bihar bertan, Madrilen beste behin. Gasteiztarrak Movistar Estudiantesen aurkako norgehiagoka dute larunbat honetan, 20: 45ean WiZink Centerren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide