Gerra danborren hotsak entzuten hasi dira Arabako aeronautikako langileen artean, eta sektoreko enpresa batzorde zein ordezkari sindikal ugarik manifestazio bateratua deitu dute irailaren 26rako, Gasteizen, enpleguaren alde eta erakundeen inplikazioa eskatzeko.
Mobilizazioa eguerdiko hamabietan abiatuko da Posta plazatik, eta Alestis, Aernnova, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Feliu & Madinabeitia Industriarako Zerbitzuak eta Metraltec enpresetako langileen batzordeek hartuko dute parte, elkartasuna adieraztera hurbildu nahi diren herritar guztiekin batera.
Aukeratutako leloak argi utzi du sektorearen eskaera zein den: Arabako aeronautika borrokan, enpleguaren defentsan, etorkizunaren alde. Erakundeak inplikatu!
Aeronautikaren krisia Araban
Krisiaren tamaina neurtzeko datu batzuk: gaur egun, aeronautikaren sektoreak zuzeneko 6.000 lanpostu eta zeharkako 25.000 inguru ditu EAEn; Arabaren kasuan, 1.400 lanpostu zuzen eta zeharkako 8.000 inguru izango lirateke.
Gainera, agerraldian azaldu dutenez, "sektoreak balio erantsi handia du"; izan ere, I+D+I sektorean inbertsio handiak egiten ditu, EAEko BPGean eta arlo industrialean pisu handia du, eta egiten dituen lanak esportatzen ditu batez ere. Ideia bat egiteko: 2018an, 540.239.000 euroko negozio-zifra izan zuen sektoreak Araban.
Covid-19aren eta Airbusek hartutako erabakien ondorioz, sektorearen eskaerak nabarmen murriztu dira azken sei hilabeteetan. Ziurgabetasun handia bizi du sektoreak, baina "egoera koiuntarala" dela uste dute langileek: "Sektoreko enpresa arabarrek etorkizunerako prestatu behar dute euren burua", eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute enpresa horiek duten "balio nagusia mantentzearen alde egitea; hau da, langileen alde".
"Neurri traumatikoak"
"Hau ez da kaleratzeekin konpontzen, baizik eta epe ertain-luzera begirako politika industrial batekin", azpimarratu dute langileek. Hala ere, "krisia koiunturala" izan arren, enpresa batzuk "neurri traumatikoak" planteatzen ari direla salatu dute.
Adibidez, enplegu-erregulazioko espedienteak proposatu dira Alestisen —87 langile kaleratuko dituzte Miñaon— eta Aciturrin; nazioarteko plantillaren %20ari eragingo dion berregituratzea iragarri du Aernnovak, eta Berantevillan duen fabrikako 450 langileek beldurrez begiratzen diote kaleratzeen mamuari; gainera, ABLEEak martxan daude sektoreko enpresa ugaritan.
Sektore estrategiko feminizatua
Bestalde, langileek nabarmendu dutenez, industriaren arloari dagokionez, aeronautikaren sektorean dago "emakumeen presentzia handiena"; zenbait enpresatan, langileen erdira iristen da, beste sektore askotan ez bezala.
Hortaz, egungo egoerak emakume askori zuzenean eragingo diela aurreikusi dute sindikatuek; are gehiago balizko kaleratzeak zein murrizketak iristen badira.
Erakundeen inplikazioa
Sektoreak etekin handiak pilatu dituen bitartean, erakundeen laguntza publiko eta diru laguntza ugari ere jaso dituela ohartarazi dute langileek. Azken urteetan, ordea, plantillak murriztu egin dira; lan karga Iberiar Penintsularen erdialdera eta hegoaldera mugitu da, eta ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetara ere deslokalizatu da.
"Erakundeek ez dute ezer egin", deitoratu dute agerraldian. "Sektore estrategiko honek laguntza ugari jaso ditu bere jarduera garatzeko, eta orain epe laburreko ikuspegia erakusten du, lanpostuak behin galduta, ziur aski ez baitira berreskuratuko; lan baldintzek eta enpleguek ez dute egoera hori sortu, eta ez dira irtenbidearen parte izango. Lana banatu behar da, inor atzean utzi gabe".
Horrenbestez, administrazio publikoak zuzenean interpelatu dituzte, eta esku hartzeko eskatu diete Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, "industria politika serioa eskatu dezaten, egoera langileek ez ordaintzeko".