Irabazleak

Erriberabeitia eta Somiedo: udako argazki lehiaketako bazter kuttunenak

Erredakzioa 2020ko ira. 23a, 12:30

Ezagutu gertukoa udako argazki lehiaketaren bi irabazleak baditugu: Oihane Camon izan da ALEAkideen sariaren irabazlea, 66 botorekin; bestalde, epaimahaiaren saria Asier Montoiak irabazi du.

Aurtengo oporraldi bitxi bezain berezi honen bizipenak irudien bitartez elkarbanatzeko asmoarekin, ALEAk Ezagutu gertukoa udako argazki lehiaketa abiatu zuen. Uztailaren 21ean hasi eta irailaren 15era arte luzatu zen parte hartzeko epea, eta, ondoren, 22ra arte izan da argazki gogokoenak bozkatzeko aukera.

ALEAko lantaldearen partez, mila esker parte hartu duzuen guztioi. Baina soilik bi irabazle aukeratu ahal ziren, eta argazki zoragarri asko saririk gabe utzi behar izan ditugu, pena handiz. Jasotako lan guztiekin liluratuta gaude oraindik ere, eta, tartean, kalitate handiko lanak aurkeztu dira; saririk gabe bada ere, txalo zaparrada handi bat eskaini nahi diegu horiei. Eta, jakina, zorionak irabazleei!

Bi irabazleek sari bana lortu dute: ALEAkideen sariaren irabazleak —Oihane Camon— Errigorako saski bat eramango du; eta epaimahaiaren sariaren irabazleak Asier Montoia, berriz, GoPro motako kamera bat.

ALEAkideen saria: Somiedoko parke naturala (Asturies) - Oihane Camon

66 boto lortu ditu ALEAkideen bozketa fasean.

Epaimahaiaren saria: Erriberabeitiako basoak - Asier Montoia

ALEAko lantaldeak aukeratu du proposatutako gaiarekin bete-betean bat etortzeagatik, Araban bertan —periferian, gainera— ateratako argazkia izateagatik, argazkiaren kalitate eta edertasunagatik bereziki koloreen erabileragatik, eta baita enkoadraketagatik ere, ALEAren azal baterako bikaina litzatekeelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide