Araban ere Lesbosera eramateko janari bilketa erraldoia egingo da

Erredakzioa 2020ko irailaren 23a

Bildutako janaria Lesbosera bidaliko dute. / ZAPOREAK

Zaporeak ekimenak janari bilketa erraldoia antolatu du asteburu honetan Euskal Herri osoan zehar, Lesboseko larrialdi egoerari "tamainako erantzuna" emateko helburuarekin. Arabarrek Gasteizen izango dute hitzordua, ostiral eta larunbatean.

Greziako Lesbos uharteko kanpalekuak su hartu eta gero, Moriako errefuxiatuek nazioarteko laguntza behar dute, eta horretan dabil Zaporeak elkartea; Lesbosera eramateko elikagaiak biltzeko eta errefuxiatuen artean banatzeko lanetan. Egunero 4.500 jatordu inguru banatzen dituzte, eta horrek nabarmen handitu ditu euren gastuak eta elikagaien hornidura gauzatzeko zailtasunak.

Horregatik, asteburu honetan, elikagaiak jasoko dituzte Euskal Herri osoko hainbat puntutan zehar antolatutako hitzorduetan. Arabarren deialdia ostiralean eta larunbatean, 10:00etatik 20:00etara, Gustavo Maeztu Margolariaren kaleko 8. zenbakian izango da; San Martin auzoko parrokiaren aurrean.

Batez ere elikagai lehorrak eramatea eskatu dute: arroz luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, sardinak eta atuna latan, oliba olioa, espeziak, umeentzako esne-hautsa eta barrita energetikoak, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago