Irteteko eta senideekin bisita gehiago egiteko aukera adinekoen egoitzetan

Erredakzioa 2020ko irailaren 23a

Egoitzetara bisitak arautuko dituen foru-agindu berria amaitzen ari dira. / AFA

Datozen egunetan, egoitzetarako bisitak arautzen dituen Foru Agindu berri bat onartuko du Arabako Foru Aldundiak. Besteak beste, egoitzetatik ateratzeko eta bisita gehiago jasotzeko aukera izango dute adinekoek.

Arabako Foru Aldundia foru baliabide soziosanitarioetarako bisitak arautzeko Foru Agindua berehala amaitzea espero du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zentro soziosanitarioak zaintzeko eta Covid-19a kontrolatzeko osatutako protokoloan oinarrituta. Horrela, konfinamendua amaituko da egoitzetan, baina neurriak nahiko murriztaileak izango dira oraindik ere.

Agindu berriari esker, egoitzetako erabiltzaileek bisita gehiago jasotzeko eta kanpora irteteko aukera izango dute; betiere, zentroaren beraren eta udalerriaren egoera epidemiologikoaren arabera. Hiru foru aldundiek dute arlo horretako eskumena, eta protokolo berriaren garapena koordinatzea haien ardura izango da.

Bisita gehiago

Datozen egunetan argitaratuko da Foru Agindua, eta bertan jasoko dira bisitak eta irteerak egiteko baldintza zehatzak. Momentuz, Aldundiak aurreratu du bisitak Arabako zentro guztietan egin ahal izango direla, kasu positiborik ez badago. Bisita bakoitzak pertsona batera mugatuta jarraituko du, baina bisita guztietan ez da pertsona bera izan beharko. Ordubeteko iraupena izango dute, eta gutxienez bi bisita egin ahal izango dira astean.

Neurri horiek, pandemiaren hasieratik bezala, ez dira aplikatzen bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen eta narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan; horietan, aldi berean, kontaktu fisikoa baimenduko da, betiere segurtasuna areagotuz.

Bisiten sistema eta segurtasuna hobetu ahal izateko, Aldundiak bisita-planak egiteko eskatu die lurraldeko egoitza-zentro guztiei, eta foru ikuskaritzako taldea plan horiek berrikusten ari da.

Irteerak

Bestalde, egoitzetako erabiltzaileen irteerei dagokienez, "zuhurtasunetik eta erantzukizun partekatutik" abiatu da Aldundia. Egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duen zentro guztietan irteerak egin ahal izango dira, kasu guztietan espazio itxiak eta jendetsuak saihestuz, eta ibilaldi terapeutikoak lehenetsiz.

Gehienez astean bitan izango dute ateratzeko aukera, betiere egoitza-zentroaren inguruan, ordubeteko iraupenarekin eta egoiliar bakoitzeko gehienez bi pertsonaren laguntzarekin.

Koronabirusa Arabako egoitzetan

Azken hilabetean, positiboak atzeman dira Arabako zenbait egoitzatan: Elorrin, Salburuko Tagoren, Zuiako Orobiden eta Coliseé Miñaon izan dira agerraldirik handienak, baina Ariznabarran, Txagorritxun, Albertia Centro egoitzan eta Jesus Guridin ere kasuak izan dira, besteak beste.

Pandemiaren bigarren uholdearekin lotutako epe horretan, gutxienez sei pertsona hil dira, baina beste 44 osatu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago