Autorik gabeko eguna

Arabako foru garraioa doakoa izango da gaur

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 08:45
Autorik gabeko Europako Eguna ospatzen da irailaren 22an. / AFA

Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, astearte honetan doakoak izango dira Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak diruz lagundutako herriarteko zein eskualdeko garraio txartelak.

Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak diruz lagundutako herri arteko autobus lineetako zein eskualdeko garraio zerbitzuaren lineetako txartelak doakoak izango dira gaur, irailaren 22an.

Zehazki, linea hauen erabiltzaileei eragingo die neurriak: Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakidetako lineak (1-16); Gasteiz Miranda Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten lineak (18 eta 19); eta, azkenik, Arabako lurralde historikoko landa herriguneei zerbitzu ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztiak.

Foru garraioa erabiltzen duten bidaiariek oroitzapenezko txartel berezi bat jasoko dute, Autorik gabeko Europako Egunari berariazko aipamena egingo diona.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Blanca de la Peñak azaldu du ekimen horren bidez foru garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dela, norberaren autoa ordezkatzeko, mugikortasun jasangarriaren alde Europan ezarritako politiken ildotik. Gainera, herritarrei zerbitzua zein lineak ezagutarazi eta zerbitzuaren ohiko erabiltzaileak saritu nahi dituzte.

%100eko eskaintza

Ikasturte hasierarekin batera, iraileko lehenengo hamabostaldian, Alavabus lineen eskaria 2019ko aldi berean erregistratutakoaren %70ekoa izan da. Eskualdeko garraio lineen bidaiari kopuruaren datuak, berriz, duela urtebete baino hobeak dira, %8,2 egin baitu gora. Bi modalitate horiek zerbitzuen %100eko eskaintzarekin ari dira lanean.

Garraio publikoaren aldeko kanpaina

Bestalde, Mugikortasunaren Europako Astearekin batera, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila kanpaina berri bat garatzen ari da foru garraio publikoak erabiltzaileen segurtasunarekin duen konpromisoa eta mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko duen funtsezko eginkizuna azpimarratzeko.

Iragan ostiralaz geroztik, Alavabuseko eskari gehien duten lineetako autobus batzuek Garraio publikoa, mugikortasun segurua eta jasangarria goiburua daramate, baita foru garraioan ezarritako segurtasun neurriei eta mugikortasun jasangarriagoari buruzko aipamen grafikoak ere. Kanpaina eskualdeko garraiora ere hedatu da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide