Euskara online eta doan praktikatzeko bidelagunak behar ditu Mintzanetek

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 14:13

Mintzanet euskara online eta doan praktikatzeko proiektua da. / MINTZANET.net

Mintzanet egitasmoak euskara online praktikatzen lagunduko duten bidelagunak lortzeko kanpaina abiatu du. Izan ere, praktikatu nahi duten bidelarien itxaron-zerrenda luzea da, eta horiei laguntzeko pertsonak behar dira.

Euskal Herrian euskaraz hitz egitea nahi du Mintzanet egitasmoak: kalean, etxean nahiz lantokian euskara erabiltzea; lagunartean, senideekin edo ezagunekin berba egitea; gure hizkuntza lau haizetara zabaltzea. Baina hori lortzeko bidelagunak behar dituzte, praktikatu nahi duten pertsonei laguntzeko.

Baina zer behar du bidelagun batek? Euskalduna izatea, titulaziorik gabe bada ere; astean ordubeteko tartea eskaini ahal izatea ekimenari; bideo-deiak egiteko edozein programa eskura izatea Skype, Whatsapp, Google Hangouts…; eta, batez ere, laguntzeko gogoa eta esperientzia berri bat bizi nahi izatea.

Mintzanet proiektuko lagunek nabarmendu dute euskaraz hitz egiten ikasi nahi duen jendea ezagutzeko "aukera paregabea" dela. Izan ere, koronabirusak eragindako egoera honetan, euskara ikasten laguntzeko irtenbiderik onena dela uste dute, etxetik atera gabe: "Esperientzia betegarria eta aberatsa da, harreman politak sortzen dira, hizkuntzari benetako bultzada modu errazean emango diogu, eta beste egoera linguistiko bat ezagutuko dugu".

Gainera, egitasmoan parte hartu duten zenbait lagunen bizipenak bildu dituzte Mintzanet bere ahotan atalean, idatziz eta bideoan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago