GTT enpresako lan erregulazioaren aurrean esku har dezala exijitu diote Aldundiari

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 13:00

Tokiko zerga kudeaketan espezializatutako GTT enpresaren irudi korporatibo bat. / GTT.es

Tokiko zerga kudeaketan espezializatutako GTT enpresak 9 milioi euro inguruko hitzarmen bat du Aldundiarekin, zorrak betearazpen-bidetik kobratzeko. Iraila hasieratik ABLEE bat ezarri dio plantilla osoari; ELAren ustez, "soldaten erdia aurrezteko".

2009ko martxotik, zorrak betearazpen-bidetik kobratzeko Arabako Foru Aldundiaren esleipen bat darama GTT (Gestión Tributaria Territorial, S.A.) Alacanteko enpresak; zor horien kobrantza egiten du Aldundiarentzat, bere foru-erakunde autonomoentzat eta berarekin diru-bilketaren hitzarmena duten zuzenbide publikoko erakundeentzat.

Aurten sinatutako hitzarmenak hiru urte iraungo du, eta GTT Taldeak 9 milioi euro inguru jasoko ditu 7,4 milioi eta BEZa. Baina, aurtengo irailaren 1ean, enpresak aldi baterako lan-erregulazio espediente bat ezarri zion plantilla osoari 14 langile, eguneko lanaldia %50 murrizteko. Espedientea datorren abenduaren 31ra arte luzatzekoa da, gutxienez.

Enpresak argudiatu du Aldundiak ez diola zor berririk bidali aurtengo lehen seihilekoan, eta, beraz, diru-bilketaren karga arindu dela. Baina, enpresako langileen ordezkari ELA sindikatuak uko egin dio ABLEEa aplikatzeari, "ez baitago arrazoirik" hori egiteko.

Lehenik eta behin, lan egiteko metodoak "aldatu eta hobetu" behar direla azpimarratu du sindikatuak, "horiek baitira diru-bilketaren kudeaketaren antolamendu desegokiaren eragileak". Horrez gain, lan karga "handiegia" dagoela, eta, iraupen luzeko bajak ordeztu ez direnez, plantilla lehen baino txikiagoa dela ohartarazi dute.

ELAren arabera, Aldundiak berak uztailean jakinarazi zuen 2020ko bigarren seihilekoan kudeatu beharko duen zor berria aurreko ekitaldiaren antzekoa izango dela. Ildo horretan, sindikatuak nabarmendu du zordun berankorren poltsa handia dela, eta kobrantzaren zain dagoela.

Aldundiaren ardura

Aldi baterako lan erregulazio espedientea GTT enpresaren "amarrua" dela uste du ELA sindikatuak, "administrazio publikoaren dirua baliatuz, soldaten erdia aurrezteko eta langabeziaren diru prestazioak herri ogasunaren kontura desbideratzeko; langileei eta haien senideei kalte handia eragiten die, horretarako beharrik izan gabe".

Arabako Foru Aldundiaren "geldotasun harrigarria" kritikatu du ELAk: "Uztailaren amaieratik horren berri izan arren, ez du orain arte inolako ekimenik hartu GTTren asmoa eragozteko edo ekiditeko". Gainera, ohartarazi du GTTren asmoak "eragin kaltegarria" izan dezakeela Arabako Aldundiarekiko zorren kobrantzan.

Horrenbestez, "esku hartzeko eta GTTren asmoa eragozteko" eskatu diote Aldundiari. Bestalde, Lan Agintaritzari ere GTT enpresaren ABLEEa ezestea eskatu diote.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago