Baskonia 76 - 73 Valentzia

Garaipena liga estreinaldian

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 09:44
Vildoza izan zen partidako jokalaririk onena. / Argazkia: Baskonia

Azken segunduan Luca Vildozak lortutako hirukoak lehen garaipena eman die Dusko Ivanovicen gizonei, Valentzia Basketen aurka.

Baskonia

76

Valentzia Basket

73

Harmailak hutsik ekin zion atzo Baskoniak aurtengo liga denboraldiari. Azken partida jokatu zenetik 196 egun igaro ostean eta, zaletuen babesik izan ez arren, lehen garaipena lortu zuten Ivanovicen mutilek Valentziaren kontrako partida parekatuan.

Partida hasiera onean, Dusko Ivanovicen gizonek lehen abantailak hartu zituzten Luca Vildozaren eskutik (25-16). Bigarren laurdenaren hasieran 6-0eko partziala lortu zuen Gasteizko taldeak, eta ligako lehen minutuetan oso saskibaloi maila altua jokatu zuten gasteiztarrek (31-16). Jaume Ponsarnauren taldeak erreakzionatu eta bederatzi puntura murriztu du aldea aldageletatik igaro aurretik (44-35).

Atsedenaldiaren ostean, Ivanovicen mutilak joko onari eusteko gai izan ziren defentsa bikainari eta errebotearen kontrolari esker (58-45, 25. minutua). Baina hirugarren laurdenaren bigarren zatian Valentziak, talde sendoa duela erakutsita, markagailuan hurbiltzea lortu zuen 10-0eko partzialarekin (58-55).

Partida amaitzeko zortzi segundoren faltan eta 73ra berdinduta, Henryk barneratze ederra egin zuen eta ertz batean bakarrik zegoen Vildozari eman zion baloia. Honek hiruko erabakigarria eskuratu zuen azken segundoan (76-73) talde osoaren partida bikaina borobilduz.

Hain zuzen, ligako finalean bezala, joko antolatzaile argentinarra izan zen Baskoniako jokalaririk onena 21 puntu eskuratuta; baina taldekide askok erakutsi zuten maila aparte dutela: Dragic-en 14 puntuak esate baterako, edo Jekiri eta Giedraitis fitxaketa berrien balorazio onak, 16 eta 15 urrenez-urren.

Sasoiko hasi dute denboraldia gasteiztarrek, eta aurre-denboraldian Ivanovicek ezarritako entrenamendu gogorrak hasiak dira lehen emaitzak ematen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide