Alaves 0 - 1 Betis

Alavesek porrota jasoz ekin dio denboraldi berriari

Ibon Gorrisi 2020ko ira. 13a, 21:00
Alavesek 0-1 galdu du Betisen aurka, Mendizorrotzan. / LA LIGA

Mendizorrotzan jokaturiko partidan, Betisek 0-1 irabazi dio Alavesi azken minutuan.

Alaves

0

Betis

1

Alavesek hasiera kaxkarra eman dio Liga hasierari. Distirarik gabeko norgehiagokan huts eta bat galdu du Betisen aurka Mendizorrotzan. Gainera, porrota mingarria izan da, talde andaluziarrak azken minutuan egin duelako gola.

Bukatu bezalaxe hasi du mendeurrenaren denboraldia. Aurreko gabeziak agerian izan dira, eta Pablo Machinek ekarritako haize berriak ezerezean gelditu dira bero itogarriaren aurrean.

Aurreko gabeziak agerian izan dira, eta Pablo Machinek ekarritako haize berriak ezerezean gelditu dira bero itogarriaren aurrean.

Taldea lehengo lepotik burua aritu da. Defentsa lanetan sendotasun ikaragarria erakutsi du, baina egindako akats bakarra gola kostatu zaio. Entrenatzaile berriak joko sistema aldatu du: defentsan erdiko hiru atzelari eta hegaleko bi luzerekin jokatu du; zelai erdian hiru jokalari langile jarri ditu, baloia ahalik eta azkarren berreskuratzeko; eta, aurrealdean, ezustekorik ez, taldeko golegileak, Lucas Perez eta Joselu. Dena den, joko sistemaren aldaketak ez baitu irudiaren aldaketa ekarri.

Lehen zatian, talde arabarrak ez du gol aukerarik sortu. Ez hori bakarrik, ia-ia ez du Betisen area zapaldu. Horren adibiderik garbiena kornerrik ez ateratzea baita.

Honek argi eta garbi erakusten du zelai erdiko jokoa izan dela nagusi. Talde andaluziarrak jokoaren ekimena izan du baina, etxeko taldearen bezala, ez du ia-ia jaurtiketarik egin. Egia esanda, bakarra egin du 29. minutuan: Guido Rodriguez erdilariak langara bidali du areaz kanpotik egindakoa. Beraz, ez batak ez besteak ez dute inongo meriturik markagailua mugiarazteko.

Ez batak ez besteak ez dute inongo meriturik markagailua mugiarazteko

Atsedenalditik bueltan, Alavesek izan du partidako gol aukerarik onena. Lucasek erdiratutako kornerra Batagliak buruz erremate bikaina egin du, eta Bravo atezainak bikain erantzun dio. Halere, baloia desbideratu du, eta, Laguardiak, dena alde izanik, kanpora bota du. Jokaldi horretan ihes egin dio neurketak talde arabarrari. Hortik aurrera, ezer gutxi. Egindako eraso guztiak area ingurura ailegatu baino lehen bukatu dira. 59. minutuan, Canales erdilariak maisuki jaurtitako falta langara bidali du.

Bazirudien bi taldeek berdinketa balekoa ematen zutela. Halere, Manuel Pellegrini entrenatzaile berriak aldaketak egin ditu garaipena lortu ahal izateko. Apustua ondo baino hobeto atera zaio, eta azken minutuetan zelairatutako Lainez eta Tello jokalariek golaren jokaldia egin dute. Gola jaso eta minutura, epaileak bukaera adierazi du. Liga hasiera emaitzak alde izatea oso garrantzitsua baita. Horrek konfiantza emateaz gain jokoan alaitasunez aritzera ere eramaten du.

Hurrengo neurketa datorren igandean, irailaren 20an, izango da, 18:30ean Granada taldearen aurka. Ea taldeak etxean galdutako kanpoan berreskuratzen duen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Laguardia, Ely, Ruben Duarte; Edgar Mendez (88’. Martin), Tomas Pina, Battaglia, Pere Pons (89’. Sergi Garcia), Luis Rioja (66’. Javi Lopez); Lucas Perez (66’. Deyverson), Joselu.
    • Txartel horiak: 21’. Luis Rioja, 68’. Javi Lopez, 80’. Pina.
  • Betis: Bravo; Emerson, Mandi, Batra, Alex Moreno; Guido Rodriguez, William Carvalho (81’. Tello); Joaquin (66’. Aitor Ruibal), Fekir (92’. Lainez), Canales, Borja Iglesias.
    • Txartel horiak: 62’. Emerson, 71’. Alex Moreno, 80’. Borja Iglesias.
    • Golak:
      • 0-1: 94’. Tello.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Harmailak hutsik, zalerik gabe. Polikiroldegiko harmailan, telebistaz, "zalerik gabe, futbolik ez" pankarta ikusi da. Halere, animazio bozgorailuetatik zaleen animoak entzun dira partida osoan zehar. Ohi bezala, ordezko jokalariek musukoa eraman dute eta harmailetan sakabanatuta eserita izan dira. Bi zatiko 30. minutuan hidrataziorako tarteak izan dira. Bitxikeri gisa, esan behar da epaileak ez duela VAR erabili.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • 100 urte, 100 urte beteko dira aurten. Ea taldeak zerbait handia egiten duen. Ez legoke batere izango berriz ere Kopako finalera ailegatzea. Tartari ginga jartzea izango litzateke.
  • Ordu bietan jokatzea ere, beno, bada, zerbait edanda partida ikusi egin beharko dugu. Hau da hau, telebistaren aurrean izango dugun eguna. Estropadak ikusita, bidez batez, zorionik beroena Orio eta Hondarribiari. Gero Tourra eta nahi izanez gero saskibaloia. Beno, hori ez Baskonia ez dagoelako.
  • Entrenatzaile berria eta hamaikako bera. Aldaketa gutxi, ez al da? Jokalari berri bakarra Bataglia. Gainontzeko guztiak betikoak.
  • Bada, beti bezala ari gara. Gola falta zaio talde honi, asko kostatzen zaio gola egitea. Dena den, zaila izaten da aurrelariek ez dutelako baloirik jasotzen. Berdin- berdina gabiltza. Aukerarik ez, golik ez.
  • Beno, atsedenaldira, golik gabeko berdinketa. Iaz bezalaxe. Antzeko samarra. Ikusiko dugu pixka Tourra ea Mikel Landak gaur poza ematen digun! Bada, ezetz ematen du. Beno, gutxienez onenen tropelean ari da.
  • Zer nolako aukera. Laguardia, zer egin al duzu? Hor dena alde zenuen gola egiteko. Ze pena! Hor izan da partida. Gola egin eta kontraerasora, orain beti bezala sufritzea tokatuko zaigu. Ikusiko duzue. Betis oso talde ona baita-
  • Ilusioz, alaitasunez, partidaren bila joan behar da. Bestela jai izango dugu!
  • Beno, bada, puntu bat Liga hasteko ez dago gaizki. Ea partida bukaeran korner baten ondorioz gola egiten dugun bestela ez dago egiterik.
  • Haiek ari dira kornerrak ateratzen eta erne ibiltzen garen! Baina zer-nolako akatsa, Betisen gola. Gureak egin du. Arreta falta ikaragarria, area inguruan bakarrik jaso baloia eta ia-ia atzelaririk gabe jaurtiketa egin eta barrura.
  • Zer porrota mingarria. Ahaztu beharra dago ahalik eta lasterren. Ea gaur Mikel Landak etapa irabazten duen. Animo Mikel, eutsi goiari!!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide