"Ziurgabetasuna", "malgutasuna" eta "lan eskerga". Hitz horiek esan dituzte Arabako ALEAk galdekatutako hezkuntza eragile gehienek, duela bi aste hasi zen ikasturteaz aritzeko. Denak bat datoz: aurrekoak ez bezalakoa izaten ari da aurtengo ikasturtea, eta hala jarraituko du. Koronabirusaren bilakaeraren arabera aldatuz joango da ikasturtea, bai ikasgela barruko gorabeherengatik, bai gizartean oro har jazoko direnen ondorioz ere. Horri guztiari aurre egiteko "aurreikuspenez" jokatzearen garrantzia aipatu dute, aurrerantzean "edozer gerta daitekeela" jakinda.
Koronabirusaren agerraldiaren bigarren goraldiarekin batera heldu da eskolen hasiera. Goraldi hori urrirako espero zuten agintariek. Horrek are gehiago nahastu du izatez gorabeheratsua den garai bat: ikasturte hasiera. Tartean greba egun bat egon da, hamaika arazo, eta han-hemenka sortutako proposamenak. Testuinguru horretan eragileek hausnarketa bertsua egiten dute: ikasleen jarrera aparta izaten ari da, ikastetxeetako zuzendaritza eta lantaldeen lana "neurrigabea", eta "informazio falta" sumatu dute agintarien partetik.
Ikastetxe beste egoera bizi dira, baina, oro har, Denon Eskolatik ikasturte hasiera prestatzeko planifikazio falta antzeman dute administrazio publikoaren partetik. Lurdes Errasti, Arabako Ikasleen Gurasoen Elkarteko Federazioko presidentea, kritikoa izan da erabakiak garaiz ez hartzearekin. Aurrez aurreko eskolen beharra nabarmendu du; dena den, hori modu seguruan gertatzen dela bermatzeko neurriak galdegin ditu. "Agintari politikoek uda osoa izan dute planifikatzeko nola hasi eskolak, eta ez zaigu iruditzen halakorik egin dutenik".
Denon Eskolatik argitu dute zenbait kasutan "bakardadea" ere sentitu dutela. "Gure seme-alaben segurtasuna lehenesten dugu, eta leku askotan ez dugu informaziorik jaso funtsezko alorrei buruz: jantokia, zaintza, eskolaz kanpoko ekintzak, gorputz hezkuntza…". Hori gertatu bada, asmo bateratu baten faltagatik izan dela gaineratu du. "Ez dugu sentitzen helburu argi bat finkatu dutenik, ezta hori erdiesteko beharrezko baliabideak jartzen ari direnik ere". Helburu falta horri egotzi dio, hain zuzen ere, ikastetxeetako zuzendaritzek egin behar izan duten lan gehigarria.
Bakardade sentsazioa
Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak nabarmendu ditu bere gain hartu dituzten aparteko ardurak, hezkuntza alorretik kanpokoak izan arren. Are, osasungintzarekin lotutako erabakiak hartzean aholkularitza baten babesa falta izan dutela nabarmendu du Iñigo Salaberriak, Heizeko presidenteak. "Zehaztapen handiagoa" faltan izan du, administraziotik jasotako irizpideetan. "Guk hezkuntzaz dakigu, baina hori ez den esparruetan erabakiak hartu behar izan ditugu; bakardade sentsazio handia izan dugu osasun beharrekin lotuta".
Ildo beretik mintzatu da Agurne Barruso, Armentia Ikastolako zuzendaria. Administrazioaren lehen irizpideak ekainean jaso zituzten: "Nahiko lausoak ziren oraindik". Zehaztapen horiek abuztuaren 28an jaso zituzten, ikasleak bertara joan baino aste bat lehenago. Are gehiago, eskaera horiekin batera baliabiderik jaso ez dutela zehaztu du. "Inbertsio handia egin behar izan dugu beharrezko materiala erosteko, eta ordezkapenen gastua ere handia izango da: ikastetxean norabideak zehazteko geziak eta zintak, termometroak, soluzio hidroalkoholikoak…".
Zailtasun horiek berretsi ditu Iñigo Salaberriak: "Ikastetxeetako zuzendaritzak bila egon gara bazter guztietatik, baliabideak lortzeko". Edonola ere, irakurketa baikorrik badagoela gaineratu du. "Berdinen arteko elkarlana" azpimarratu du. Elkarrizketa foroak egon dira zuzendaritza taldeen artean, esperientziak trukatzeko. "Oso aberasgarriak izan dira; zuzendaritzetako bakardade horretatik ez da samurra lan egitea". Horrez gain, itxialdi garaian gertatu zen ikastetxeen eta ikas komunitatearen arteko lotura ere azpimarratu du. "Elkarrekin gehiago gara, eta aukera dago arazoei elkarrekin aurre egiteko: familiak eta ikastetxea. Baina horrek ez du kentzen erantzukizun maila ezberdinak daudela: familia, zuzendaritza, eta administrazio artean".
Lehen pausoak eta erronkak
Zailtasunak zailtasun, hasiera batean zehaztutako erronka betetzen ari da: Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean aurrez aurreko eskolak hasi dira, salbuespenak salbuespen. Armentia Ikastolako zuzendariak egin duen lehen hausnarketa, bi aste pasa eta gero, ikasleen "pazientzia" izan da: "Oso lasai etorri dira, sekulako pazientziarekin, eta irizpide batzuk oso barneratuta: kalentura hartu, eskuak garbitu, musukoa erabili…". Are gehiago, Haur Hezkuntzako txikienak egokitzapena inoiz baino hobeto egiten ari direla gaineratu du. "Umeek sozializazio beharra zuten, eta eskola horretarako eremu topatu dute. Espero genuen inoiz baino gogorragoa izango zela, baina kontrakoa izaten ari da".
"Umeek sozializazio beharra zuten, eta eskolan topatu dute eremua"
Agurne Barruso, Armentia ikastola
Ikasturte hasierarako Heizek lau erronka nagusi zehaztu ditu. Ikasleen ongizate emozionala bermatzea da hasierako lehentasuna, Iñigo Salaberriak aipatu bezala: "Hori ondo egin behar da ezagutzen eraikuntza esanguratsuagoa eta egokiagoa izango delako". Bigarren lehentasuna euskararen egoeraren balorazioa eta beharrei heltzeko aktibatu beharreko baliabideak dira, euskara "gizarte kohesionatua" lortzeko tresna den heinean. Arrakala sozialari aurre egitean ere jarri du arreta Heizek, itxialdian arrakala digital moduan agerian geratu zena, baina hori baino handiagoa dena. Azkenik, formakuntza eredua zehaztea jarri du mahai gainean, eta hori ahalbidetzeko neurriak abiaraztea.
Horiei heltzeko, unean uneko errealitatera egokitu beharko dutela aitortu du Heizeko presidenteak. "Oinarrizkoa da informazio jario eta komunikazio gardenaren beharra". Horrekin batera, Heizeren iritziz administrazioak ahalbidetu behar du ikastetxeetan sortzen diren beharrak, zuzendaritza taldeak antzemanda. "Ikas komunitateari lotutako beharrak ondo definituta dituzten zuzendaritza taldeak babestu behar dira, horien eskumenak beharren mesedetan jartzeko".
Jantokiekin gertatutakoa adibide gisa baliatu du Iñigo Salaberriak, aurrera begirako jardunbidearen gainean hitz egiteko. Araudiak galarazten du jangelak ez diren espazioetan jan ahal izatea. Bada, aukera hori aztertzen ari dira egun. "Administrazioak ahalbidetu behar du ikastetxeetako ezagutzatik sortzen diren beharrei erantzutea, eta zuzendaritza taldeak dira horren berri dutenak". Hezkuntzak "araubide zorrotza" duela nabarmendu du Heizeko presidenteak, eta ondorioztatu du horrek zail dezakeela egungo egoerak behar dituen erabaki malgu eta azkarrak.
Jantokiak, eztabaidaren muina
Jantokien inguruan asko hitz egin da ikasturte hasieran. Familien kontziliaziorako "funtsezko zerbitzuak" direla oroitarazi du Lurdes Errastik, eta gai horretan ere aurreikuspen falta egon dela hausnartu du. "Ekainean aurreikusi genuen jantokien egoera zaila izango zela, eta ikasturtea hasterako ikastetxe batzuetan ezin izan dute zerbitzua eman". Horren aurrean zer gertatuko den galdetu du. "Lanean dauden gurasoek aitona-amonekin utziko dituzte seme-alabak? Kezkatuta gaude, eta haserretzen hasiak gara".
Armentia Ikastolan jantokia martxan izan dute. Lehen astean goizez baino ez zituzten eskolak eman, eta horren ondorioz ohi baino haur gutxiagok baliatu zuten. Agurne Barrusoren ustez egoera horrek lagundu die zerbitzu egokia eskaintzen, aurrez egindako protokoloei esker, eta "espazio handiak" izatearekin batera. Hainbat aldaketa egin behar izan dituzte, baina. Horien artean jantokiaren izaera hezitzailea mugatzea egon da. "Ikasleen autonomia sustatzen genuen, jantokiaren funtzionamenduan parte-hartze aktiboa eskatuz. Orain ez dugu halakorik egiten".
"Lanean daudenek aiton-amonekin utziko dituzte seme-alabak?"
Lurdes Errasti, Denon Eskola
Jantokiekin sortutako arazoak direla eta, hainbat guraso elkartek eskolak jarraian egitea eskatu dute, 09:00etatik 14:00etara. Horrek seme-alabak jasotzeko ordutegi ezberdinak ahalbidetuko lituzke, egungo egoeran sortzen diren zailtasun batzuk urrituz: pilaketak, kotxea maiztasun gehiagoz hartzeko beharra.
Unibertsitatea, kasuan kasu
Unibertsitateko egoera askotarikoa dela azaldu du Ivan Igartua Ugartek, EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak. "Egoerak ez dira berdinak fakultate guztietan, ezta eraikin bakoitzean ere; egokitu behar izan dute egoera bakoitzera". Horrek, besteak beste, eragin du Hezkuntza Fakultatean talde batzuk telematikoki hastea, eta, beste batzuk, aurrez aurre, ikasle kopuruaren arabera.
Hezkuntza telematikoa ahalbidetzeko "inbertsio handia" egin du EHUko Arabako Campusak. Bideokamerak, pantailak, ordenagailuak… Baliabide horien bitartez lortu nahi da, ikasleek ikasgeletara joaterik ez dutenean, eskolak etxetik jarraitzea. "Oreka hori lortu nahi dugu". Hain zuzen ere, ikasturte honetan "edozertarako prest" egoteko beharra aipatu du Igartuak. "Argi dugu astetik astera egoera alda daitekeela, eta erantzun beharko dugula". Edonola ere, EHUko Arabako Campusak erronka horri "gogoz" egingo dio aurre, bertako kideen artean "ikasteko ilusioa" antzeman dutelako.