Etorkizunera begira, argi izpirik ez da aurreikusten Arabako industriaren sektorean; enpresa txikiek ahal duten moduan bizirauten duten bitartean, handiek milaka langileri eragiten dien enplegu erregulazio espedienteak iragarri dituzte, osasun krisiak ekarri duen geldialdia aitzakia hartuta.
Azken enpresa horien artean, Alestis azpikontrata dago. Aeronautikaren sektoreko lehen mailako hornitzaileak mahai gainean jarri duen espedientearen arabera, 585 langile kaleratuko ditu Espainia osoko lantegietan; horietako 87 Gasteizko fabrikako beharginak dira, 178 langilek osatutako plantillaren %46.
Alestiseko enpresa batzordearen ustez, dauden irtenbide ezberdinak aztertu beharko lirateke kaleratzeak planteatu baino lehen, eta horregatik, manifestazioa egin zuten pasa den larunbatean, Gasteizen. Besteak beste, aldi baterako lan erregulazio espedientearen iraunaldia luzatzea, lau eguneko lan asteak ezartzea eta lana banatzea, aurre-erretiroak, borondatezko baja adostuak, enplegua bermatzen duten aldi baterako eszedentziak edo traumatikoak ez diren aldi baterako beste neurri batzuk proposatzen ditu enpresa batzordeak.
Aernnova eta Tubacex
Alestiseko langileak ez dira kezkatuta dauden bakarrak. Aeronautikaren sektorearekin lotura duen Aernnova enpresak ere iragarri du datozen hiru urteetan pandemia aurreko jardueraren %30 galduko duela eta nazioarteko plantillaren %20ari eragingo dion berregituratzea bultzatzeko asmoa duela: lantegi guztietako 950 langile utziko ditu kalean.
Berantevillako plantan, gaur egun, 450 langile ditu Aernnovak. Bertako langileek ohartarazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko. Salatu dute eskaeretan jazo den jaitsiera "guztiz koiunturala" dela, "denbora laburrean gainditzekoa".
Aiaraldean ere antzera dabiltza, Tubacexek Laudio eta Amurrioko lantegietan kaleratzeak eta murrizketak egongo direla baieztatu duelako. Enpresak uztailean iragarri zuen urtean 25 milioi euro aurrezteko berregituratze-plana; 500 langile kaleratu nahi ditu, eta nazioarteko plantilla osoa %20 inguru murriztu. Hori kontuan hartuta, Aiaraldeko lantegietan, 150 eta160 kaleratze artean egon litezkeela uste dute. Langileak dagoeneko hasi dira kalera irteten; ostegunean, hilak 17, egin zuten azken protesta.
Sidenor, aldi baterakoa
Sidenor altzairugintza enpresa taldeak, bitartean, aldi baterako lan erregulazio espedientea iragarri du. Horrek 2021eko abendura arte iraungo du, eta lantoki guztiei eragingo die; baita Gasteizko plantako 250 eta Legutioko 50 langileei ere. Enpresako zuzendaritzaren arabera, erregulazioa automobilaren sektorearen egoerarekin lotuta dago.