Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu Moriako errefuxiatuentzat elikagaiak erosteko

Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 17:34
Moriako gertakarien harira kontzentrazioa egin dute Gasteizen asteon. ALEA
 Zaporeak erakundeak, egunero, 4.000 errazio eman ahal izango ditu.

Arabako Foru Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu Zaporeak erakundea garatzen ari den proiektura, eta Lesbosko Moriako errefuxiatuen gunea erre ostean sortu den drama humanitarioa arintzeko asmoarekin. Laguntza ekonomiko horrek elikagai freskoak erosten lagunduko du, hala nola fruta, barazkiak eta proteina eduki handiko elikagaiak.

Foru Aldundiak Zaporeak elkarteak egindako eskaerari erantzun dio ekarpen ekonomiko horrekin. Zaporeak-ek gutxienez 4.000 errazio banatu nahi dizkie, egunero, suteak kaltetutako errefuxiatuei. Kopuru horrek bikoiztu egiten du sukaldearen egungo gaitasuna.

Orain arte, Zaporeak erakundearen lan eremu nagusia Moriako gunean ospitaleratutako gaixotasun kronikoak zituzten pertsonak eta emakume haurdunak ziren. ACNURen datuen arabera, joan den abuztuan 14.036 pertsona bizi ziren 2.500 pertsona hartzeko egokitutako lekuan, eta mila adingabe baino gehiago bakarrik bizi dira eremu horretan.

Halaber, Foru Aldundiak bat egin du Eusko Jaurlaritzak egindako eskaerarekin: Europako Batzordeak eta bere estatuek errefuxiatuen krisi humanitario horri erantzun "azkar eta premiazkoa" emateko konpromisoa har dezatela eta aintzat har dezatela Eusko Jaurlaritzaren Share proposamena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide