Greba hezkuntzan

Arabako ikastetxeak gelditu ditu hezkuntza grebak

Mikel Buruaga 2020ko ira. 15a, 13:30

"Itzulera seguru eta adostua" exijitzeko ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza arloan deitutako grebak babes zabala lortu du. Sindikatuen arabera, %70eko jarraipena izan du EAE osoan; Jaurlaritzaren arabera, ordea, %45ekoa.

Ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla eta, langile askok ez dute grebara joateko aukerarik izan. Hala ere, irakasleen eta hezkuntzari lotutako zerbitzuen -garraioa, jantokiak eta garbiketa, besteak beste- grebak babes zabala lortu du langileen, ikasleen zein familien aldetik.

Sindikatu guztiek deitu dute greba, eta %70eko jarraipena gainditu duela ziurtatu dute: "Greba egin ahal zuen langileen %70 grebara atera da, eta beste hainbestek bat egin dute zerbitzu minimoetan egon arren".

Arabaren kasuan, jarraipen zabalagoa izan du ikastetxe publikoetan, eta baxuagoa itunpeko hezkuntzan. Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, jarraipena %45ekoa izan da: sare publikoa osatzen duten 23.000 irakasletatik, 8.698ren informazioa bildu dute, eta, plazaratutako datuen arabera, 3.940 lagunek egin dute bat lanuztearekin; datu partzialak dira, beraz.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuetan mobilizazioak egin dira. Gasteizen, Jesus Guridi Kontserbatoriotik abiatu da manifestazioa, eta langileen aldarrikapenak Eusko Jaurlaritzaren ateraino eraman dute milaka lagunek; tartean, irakasleak, azpikontratatutako langileak, gurasoak eta ikasleak. Antolakuntzako kideek 5.000 manifestari zenbatu dituzte Arabako mobilizazioan.

Azpimarratzekoa da, halaber, DBHko 3. eta 4. mailako zein Batxilergoko ikasleak eskolara itzultzekoak zirela gaur, baina ikasle gutxi joan direla, oro har. Izan ere, ikastetxe askok gutunak bidali zizkieten atzo familiei, langile faltagatik euren seme-alaben segurtasuna bermatzeko zailtasunak izango zirela ohartarazteko.

 

Itzulera seguru eta adostua

Mobilizazioetan, itzulera "seguru eta adostua" aldarrikatu dute, eta, horretarako, plantillak handitzea, ikasgela bakoitzeko ratioa -edo ikasle kopurua- 15 ikaslera murriztea, Norberaren Babesarako Ekipamenduak (EPI) ikastetxeetan "lehenbailehen" egotea eta langileekin adostutako protokolo "eraginkor" bat ezartzea exijitu diote Jokin Bildarratzek zuzendutako Hezkuntza Sailari.

Halaber, uste dute Hezkuntza Sailak iragarritako 1.000 irakasleen kontratazioa ez dela nahikoa. Gainera, sindikatuen arabera, oraindik ez dago "irizpide argirik" neurria nola aplikatuko den zehazteko.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek "premiaz, egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain" hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua zein osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko neurriak eta baliabideak abian jartzea galdegiten diogu behingoz; bestela mobilizazioekin aurrera jarraitu beste biderik ez digu utziko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide