Gau Beltza ate joka: ezohiko urtea, baliabide berriak

Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 09:30

Gau Beltza, euskaldunon Halloween berezia. / gaubeltza.eus

Covid-19ak isolatuta izan gaituen ezohiko urte honetan ere badator, ate joka, Gau Beltza edo Arimen Gaua, euskaldunon Halloween berezia. Besteak beste, online ikastaro bat antolatu eta dokumental bat sortu du Euskaltzaleen Topaguneak.

Kalabazak hustu eta kandelak piztu. Sari edo ziri. Urriaren 31ren bueltan, Halloween ospatu beharrean, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen zen Euskal Herrian, aspaldi. Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, 2019an hasi zen Euskaltzaleen Topagunea ohitura zahar hori zabaltzeko akuilu lana egiten.

Gau Beltza antolatzen duten herrien kopurua bikoiztu egin zen pasa den urtean. Topaguneak hura antolatzeko baliabideak denen eskura jarri zituen, eta lau haizetara zabaldu zuen ospakizuna berreskuratzeko gonbidapena. Herri oso ezberdinetako talde anitzek heldu zioten erronkari: guraso elkarteak, gazte taldeak edota ikastolak, besteak beste. Oinarri partekatuarekin, herri bakoitzak bere egin zuen Gau Beltza, eta ohitura berri bihurtzeko baldintzak sortu ziren.

Baliabide berriak

Itzalitako Kalabazen Berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza antolatzeko baliabide kutxa tresna sortu zuen 2019an, ospakizuna berreskuratzen ari ziren herriekin elkarlanean.

Ordutik, material guztia www.gaubeltza.eus webgunean dago, Arimen Gaua bere herrian antolatu nahi duen ororentzat erabilgarri. Aurten, iaz sortutakoez gain, baliabide eta euskarri berriak egongo dira, 2020an ere jaia antolatu nahi duten herritarrentzat.

Laster kutxa tresna berrituko dute, eta, gainera, ospakizunaren inguruko dokumental labur bat sortu dute, eta laster ikusgai egongo da webgunean.

Online ikastaroa

Guzti horrekin batera, iaz bezala, aurten ere Gau Beltzaren inguruko formakuntza saioa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Ekogunearekin eta UEUrekin elkarlanean. Jaiaren bueltan orain arte ikasitako guztia denon eskura jartzea da online ikastaroaren helburua, ahalik eta herri gehienetan ospatu dadin.

Irailaren 23tik urriaren 10era izango da, 20 orduko iraupena izango du eta informazio guztia UEUren webgunean dago. Adi, irailaren 16a izena emateko azken eguna delako.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago