Euskara ikastaroetan matrikulatzeko kanpaina martxan dago

Erredakzioa 2020ko ira. 14a, 10:00

Lexuri Ugarte eta Iñaki Gurtubai, euskaltegietako ordezkariekin. / AFA

Euskara ikastaroetan matrikulatzeko kanpaina hasi da dagoeneko. Udala, Aldundia eta euskaltegiak elkarlanean aritu dira ezohiko ikasturte honetan arabarren euskalduntzea sustatzeko.

Aurten ere indarrak batu dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta gure lurraldeko euskaltegiek, helduen euskalduntzea sustatzeko euskara ikastaroen bitartez. Iragan astean aurkeztu zuten Merezi du! matrikulazio kanpaina. Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik, Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri Ugarte Aretxagak eta euskaltegien ordezkariek ezagutarazi zuten ikastaro eta programetarako matrikulazio-epearen hasiera.

Hala ere, pandemiaren ondorioz, hainbat dira aurtengo berezitasunak; gehienbat, osasun prebentzioarekin lotuta: distantziak, maskaren erabilera eta jarduerak modu telematikoz egiteko aukera.

Batez beste, 5.000 matrikula egin ohi dira Arabako euskarazko ikastaroetan, eta kopuru hori handitzeko asmoa du Aldundiak. Izan ere, Araban, 35 eta 44 urte bitartean, euskaraz ulertzen dutenak (%52,96) gehiago dira elebakarrak baino (%47,04). Adin tarte hori, beraz, "oso emankorra" dela uste dute, bai lanean, bai seme-alaben etxeko hazkuntzan ere, hizkuntzaren bidez kalean sozializazio bideak irekiz.

Ikastaroak

Gasteizko Udalak bi ildotan lagunduko du: alde batetik, gizarte etxeetako ikastaroak, eta, bestetik, euskara ikasteko diru laguntzak. Ikastaroei dagokienez, Euskara zerbitzuak 61 talde eta 931 ikaspostu eskainiko ditu:

  • Gurasoentzako ikastaroak: 43 talde, A1 hastapen-mailaren eta C1 mailaren arteko maila guztiak, hiriko gizarte etxe guztietan, kiroldegi batzuetan eta ikastetxe batean. Ikastaro horien helburua, euskara ikasteaz gain, familia esparruan hizkuntza praktikan jartzea da, seme-alabek eskolan ikasten dutena indartzeko.
  • 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak: 4 urteko programa da, oinarrizko erabiltzaileari dagokion A2 maila lortzeko. Guztira, 13 talde eskaintzen dira; aurten, lehen aldiz, hiru talde sortuko dira adinekoentzako zentro soziokulturaletan: San Kristobal, Lakua-Arriaga eta Sansomendi.
  • Atzerriko nazionalitatea duten pertsonentzako ikastaroak: hastapeneko hiru talde, atzerriko pertsonei hizkuntza-harrera egiteko eta euskarara lehen hurbilpena izateko, hau da, oinarrizko euskara ikasteko eta gizartea ere ezagutzeko.
  • Merkataritza edo ostalaritzako langileentzako ikastaroak: bi talde; hastapenekoa (A1) eta B1.2 mailakoa. B edo D ereduetan ikasi eta DBHko titulua dutenak zuzenean matrikulatu ahal izango dira ikastaro horretan.

Diru laguntzak

Diru laguntzei dagokienez, eskaintza zabala egingo dute erakundeek. Udalaren kasuan, laguntzak hiru arlo nagusietan gauzatuko dira:

  • Herritarrek euskara ikasteko dirulaguntza: 237 herritarrek eskatu dute ikasturte honetarako dirulaguntza; horien artean, 57 gurasoak dira, eta beste bi, berriz, begiraleak.
  • Hainbat esparrutan euskara sustatzeko dirulaguntza deialdia indarrean dago, eta irailaren 15ean bukatuko da epea eskaerak aurkezteko. Dirulaguntza deialdi horrek hainbat lerro ditu: euskaltegiek antolatutako jarduerak; gurasoen elkarteek euskara sustatzeko antolatutako jarduerak; aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzeko ekimenak; tokiko hedabideak; elkarteek Euskararen Astean antolatutako jarduerak; eta aisialdi eta kirol begiraleak prestatzeko eskolak.
  • Horrez gain, hurrengo astean argitaratuko da Udako Euskal Unibertsitatean ikasi dutenentzako dirulaguntza-deialdia.

Bestalde, Gasteizko udalarekin batera, lurraldean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko laguntza lerroa argitaratu du Arabako Foru Aldundiak, eta, guztira, 85.000 euro bideratuko ditu:

  • Aurrez aurre ikastaroetan:
    • 248-400 orduko moduluak: 75 euro.
    • 401-600 orduko moduluak: 120 euro.
    • 601 ordu baino gehiagoko moduluak: 240 euro.
  • Autoikaskuntzako ikastaroetan:
    • 190 ordu edo gehiagoko autoikaskuntza moduluak: 75 euro.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago