Granada2 |
Alaves1 |
Alavesek ez du aurrera egiten. Joko tristea eginez bigarren porrota jarraian jaso du eta punturik pilatu gabe jarraitzen du. Norabidea ahalik eta lasterren aldatzen ez badu, aurreko denboraldian bezalaxe sufritzea tokatuko zaio mailari eusteko.
Taldeak defentsa lanetan oinarritzen du jokoa. Orain arte jokaturiko bi partidetan helburu nagusia golik ez jasotzea izan da. Halere, Granadaren aurkako neurketa hasi bezain pronto gola jaso du. Izan ere, 6. minutuan Soldadok ia-ia oztoporik gabe saretara bidali du baloia. Une gozoan da talde andaluziarra eta aurreko sasoiko bolada onari segida ematen ari zaio.
Joseluk 21. minutuan falta jaurtiketa baten ondorioz berdinketa lortu du.
Talde arabarrak jokoa sortzeko arazoak ditu. Ahaleginak egiten ditu baina asko kostata eta esfortzu ikaragarria eginez aurkariaren arearen ingurura hurbiltzea lortzen du. Edonola ere, lehen zatian ia-ia ez du gol aukerarik sortu. Eskerrak, Joseluk 21. minutuan falta jaurtiketa baten ondorioz berdinketa lortu duela. Une horretan bazirudien partidaren norabidea aldatuko zela. Baina, gauzak ez dira batere aldatu. Granadak atsedenaldira joan baino lehen pare bat gol aukera izan ditu baina ezerezean gelditu dira.
Bigarren zatian Pablo Machin entrenatzaileak aldaketak egin ditu atzealdean. Lau jokalariz osatutako defentsa jarri du golik ez jasotzeko. Hortik aurrera taldea sendoagoa aritu da. Zelai erdian ondo kokatua izan da. Arazorik handiena, Betisen aurka bezalaxe, aurrealdean izan da. Joselu eta Deyverson aurrelariak irla batean egongo balira bezala izan dira, bakar bakarrik. Esan genezake norgehiagoka osoan zehar ez dutela inongo aukerarik izan errematea egiteko. Dena den, Alavesek aukera paregabea izan du markagailuan aurrea hartzeko. Edgar Mendezek area txikian erremate ikusgarria egin du. Rui Silva atezainak geldiketa paregabea egin du eta baloia langara desbideratzea lortu du. Hor egon da neurketaren gakoa. Handik gutxira, Granada taldeak atzealdean egindako hutsa baliatu du garaipenaren gola egiteko.
Nolakoak diren gauzak kamarada! Minutu gutxitan garaipenetik porrotera. Dinamika aldatu beharra dago. Hasierako puntuak oso garrantzitsuak dira norabidea behar bezala finkatzeko. Hurrengo partida datorren larunbatean, 13:00etan, izango da Getaferen aurka, Mendizorrotzan.
Hamaikakoak
- Granada: Rui Silva; Foulquier, Vallejo, Domingos, Neva; Milla (89’. Victor Díaz), Gonalons; Puertas (63’. Montoro), Herrera (63’. Kenedy), Machis (83’. German); Soldado (83’. Jorge Molina).
- Alaves: Bravo; Pacheco; Laguardia, Ely (46’. Ximo Navarro), Lejeune; Edgar Méndez (87’. Guidetti), Abdallahi (46’. Rubén Duarte), Battaglia, Pere Pons, Luis Rioja (70’. Borja Sainz); Deyverson, Joselu.
- Txartel horiak:
23’. Edgar Méndez, 25’. Battaglia, 48’. Lejeune.
- Txartel horiak:
Hamaikakoak
- Golak:
- 1-0: 6’. Soldado.
- 1-1: 21’. Joselu.
- 2-1: 77’. Machis.
Nuevo Los Carmenes futbol zelaiko harmailak
Ohi bezala, harmailak hutsik. Ordezko jokalariak musukoarekin erabat sakabanaturik izan dira harmailetan. Epaileak ez du inongo arazorik izan neurketa behar bezala eramateko. VAR ez dute erabili jokaldi eztabaidagarrik ez delako izan
Alde Zaharreko tabernetan partidari begira
- Beno, bada, gaur Granadaren aurka zerbait lortuko dugu, ezta? Lortu behar da gutxienez puntu bat. Baskonia eta Alaves, ordu berean, eskerrak tabernetan pantailak ditugula biak ikusteko.
- Baskonia ondo hasi da. Alaves, ordea, erdipurdi eta zalantza askorekin. Esandakoa, sei minutu eta Granadaren gola. Ez dago sinesterik. Partidaren planteamendua golik ez jasotzea baldin bada, ez dago ulertzerik gola seigarren minuturako jasotzea.
- Taldea beti bezala ari da. Atzealdean nola edo hala, erdialdean justu samar eta aurrealdean ezertxo ere. Joko tristea da honako hau. Futbolean gaizki baina saskibaloian 'Baskoniaren nortasuna', joko erasokorra eta defentsa ikaragarria.
- Gooooooool, eskerrak Joseluk gola egin duela. Berdinketa. Ondo, ea orain gauzak aldatzen diren. Ea taldeak partidaren bila joaten den!
- Gutxienez, berdinketa atsedenaldian eta Baskonia irabazten. Ea biek irabazten duten. Uf!! Machin entrenatzaileak zalantzekin. Atzealdea aldatu du. Ohiko joko sistemara bueltatuko gara. Ea zer-nolako emaitzen ematen duen.
- Zer nolako aukera Edgar Mendezek izan duena. Hor izan da partida. Holakoak sartu egin behar dira. Aurrekoan Betisen aurka Laguardiak izan zuen aukera eta gero galdu genuen. Hemen gauzak asko ez badira aldatzen gauza bera gerta daiteke.
- Gola. Granadaren gola eta defentsan, berriz ere, akats nabarmena. Era horretako hutsak ezin dira egin. Agur puntuei. Gainera taldeak ez du ematen denekin aurrera joko duenik
- Ai, ai, ezertxo ere eta partida bukatzear. Hiruko ikaragarria!! Baskonia azken segundoan garaipena. Alavesek, ordea, ia-ia aukerarik gabe berdinketa lortzeko etxera.