Durangotik Amurriora egingo du jauzi Ahotseneak

Erredakzioa 2020ko irailaren 9a

Ahotsenea 2020rako dituzten asmoen aurkezpena, Bilbon. / Ahotsenea

Durangoko Azokarekin batera, beste hiru plaza hartuko dituzte kultur sortzaileek; Amurrion, urriaren 18an, zortzi musika taldek aukera izango dituzte euren lana aurkezteko. 

Pandemiaren eraginez, aurtengo Durangoko Azokak izugarri murriztu beharko du egitaraua, tartean, Ahotseneak eskaini ohi duena. Aurreko urteetan, batez beste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan ditu. Aurten, berriz, 8 solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen baino ezingo ditu eskaini.

Halere, Ahotseneak aukerak eskaini nahi dizkie Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei, eta aurtengo ezohiko egoerari erantzuteko asmoz, aukera osagarriak aztertu ditu lantaldeak. Eta hiru plaza berri izango ditu liburu eta disko berriak aurkezteko:

Lehendabizikoa Zarautzen izango da, irailaren 26an, Literaturiarekin bat eginik; Ahotseneak liburu berrien aurkezpen solasaldiak antolatuko ditu.

Arabaren txanda izango da urriaren 18an; Araba Euskaraz Amurrion ospatu behar zela eta, jaialdia bertan behera geratu arren, pandemiaren aurretik ekitaldi berezia adostu zen eta hala mantenduko da. Zortzi musika taldek aukera izango dute zuzenean lan berria aurkezteko.

Horiez gain, kultur adierazpide guztiak jaso asmo dituen -literatura eta musika barne, noski-  hirugarren jaialdi bat izango da, oraindik datarik zehaztu ez bada ere.

Izen-ematea

Ahotseneak aurten eskainiko dituen plazetan parte hartzeko izen-ematea irailaren 14an zabalduko da 09:00etatik aurrera, www.ahotsenea.eus webgunearen bidez. Sortzaileek norbere arloari dagokion hiruna plaza izango dituzte euren lan berriak aurkezteko, eta lehentasunen arabera aukeratu beharko dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago