Madrilen antolatzeari utzi eta Donostiako lantalde batek hartu zuen Zinemaldiaren ardura 1977. urtean. "Erabateko aldaketa" iragarri zuen artista-talde, zineklubetako eta auzo-elkarteetako ordezkariak biltzen zituen batzordeak. Eta, hain zuzen, urte hura du ardatz Artium museoak aurkeztu duen erakusketak. Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko urte hartan erabilitako goiburua jarrita, Zinemaldiaren artxiboko material ugari bildu ditu erakusketak, horietako asko argitaratu gabeak, hala nola gutunak, dokumentuak, argazkiak eta aldizkariak.
"1977an, Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina, urteurren bat baino gehiago, 1977ko edizioa borrokarako gune bat izan zen: hiritik kudeatutako lehen jaialdia aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, eta, bertatik, jaialdi demokratiko berri bat irudikatu zuten", azaldu du erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikerketa sailaren arduradun Pablo La Parra Perezek.
Erakusketak Carlos Rodriguez Sanzen eta Manuel Coronadoren Expediente filma aurkezten du, 1977ko Zinemaldian film labur onenaren Urrezko maskorra jaso zuena, zaharberritu eta digitalizatu zenetik lehen aldiz. 16 mm-an filmatutako 15 minutuko filma da, Equipo Cronica (Rafael Solbesek eta Manuel Valdesek osatutako kolektiboa) taldearen pinturari buruzkoa. Aldi berean, errepresio frankistaren ondorioei buruzko hausnarketa proposatzen du. Filma proiektatzen den hormaren parez pare, hain zuzen ere, Equipo Cronicaren (1975) Leer a Daumier margolana dago ikusgai, Artiumen bildumakoa.
Gainera, Zinemaldiaren artxibotik datozen dokumentu ugarien artean, jaialdiari babesa ematen dioten gutunak eta komunikatuak ikus daitezke; lehiaketaren aldizkari ofizialaren azalen eta artikulu esanguratsuen originalak; diktadura frankistaren jazarpena jasan zuen Viridiana filmaren kartel bat; garaiko egunkari zatiak; Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat; eta zinemaren munduko aurpegi ezagunak agertzen diren argazki ugari, Harrison Ford eta Carrie Fisher, Elias Querejeta eta Luis Buñuel...
Zinemaldiarekin elkarlanean prestatutako proiektu hau Artiumen Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian bildumaren erakusketari lotuta dago, eta abenduaren 8ra arte izango da ikusgai.