Kaleko ikuskizun onenaren Max saria Zanguangorentzat

Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 14:55
Zanguango taldearen 'Al otro lado' kale ikuskizuna. / Kaleka

Bigarren Max saria da talde arabarrarentzat, 2002an ere ikuskizun onenarena jaso baitzuen.

Zanguango Teatro antzerki konpainia arabarrak kaleko ikuskizun onenaren Max saria irabazi du Al otro lado lanagatik, astelehenean Malagan banatu diren Espainiako arte eszenikoen sarietan. Barsanti konpainia bizkaitarrari kendu dio saria, Kale gorrian lanarekin ere hautagaia baitzen. Bigarren Max saria da honakoa Zanguangorentzat, 2002an ikuskizun onenaren saria jaso baitzuen Pan con pan obrarekin.

Pandemiak kultura gogor kolpatu duen urtean, "eusteko" deia egin du Miguel Muñoz Zanguango Teatro konpainiaren sortzaileak taula gainetik. "Haizearen kontra goaz, baina arriskatzen jarraitu behar dugu, lanean jarraitu behar dugu erronka berriekin, lengoaia berriekin... eutsi egin behar dugu", esan du Max saria eskuan. "Eta bereziki kaleko antzerkia nabarmendu eta aldarrikatu nahi dut".

Iñaki Rikarte aktore eta antzerki zuzendari gasteiztarra ere hautagaia izan da eszena zuzendari onenerako Compañia Nacional de Teatro Clasicoren El desdén con el desdén lanagatik, baina azkenik Andres Limak irabazi du Shock (El Cóndor y el Puma) obrarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide