Covid-19ari buruzko hamalau ikerketa-proiektu jarriko ditu abian Vital Fundazioak, Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Arabako gizartean pandemiak dituen ondorioak arintzeko Vitalek apirilean egindako ezohiko deialdiaren barruan kokatzen da egitasmo hau; bi erakundeek 312.000 euro jasoko dituzte guztira lan horiek garatzeko.
Hamalau proiektu jarriko dituzte martxan, bederatzi Bioaraban (200.000 euro jasoko dituzte) eta bost EHUn (112.000 euro jasoko dituzte). Besteak beste, Bioaraban gripe-txertoaren eraginaren ebaluazioa egingo dute Covid-19aren birusak infektatutako pazienteengan, eta Covid-19aren aurka egiteko biriketako simulagailuaren bidezko arnas terapiak garatuko dituzte beste proiektu batean. EHUk abiatuko dituen proiektuen artean, berriz, besteak beste, koronabirusak Arabako haurren artean eragindako konfinamenduaren ondorioak aztertuko dituzte, D bitaminaren estatusean, pisuan eta gorputz-osaeran oinarrituta.