Zazpi egun barru has daiteke mahats zuriaren bilketa

Erredakzioa 2020ko irailaren 6a

Ezustekorik ez bada, kalitate onekoa izango dela aurreikusi dute teknikariek. / AFA

Ardoaren Etxearen txostenak mahastien ehuneko handi batean errendimendu onak eta osasun egoera ona aurreikusten ditu.

Foru teknikariek aurreikusi dutenez, astebetean mahats zuriaren barietateak biltzen has daitezke Araban, eta hirugarren astera arte itxaron beharko da mahats barietate beltzak jasotzeko. Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak mahats-bilketaren datari eta baldintzei buruz mahastizainei eta upategiei urtero egiten zaizkien heltze-jarraipenaren aurretiko kontrolak hasi ditu aste honetan.

Mahats zuriaren barietate nagusia, biura, prest egongo da astebetean mahatsa biltzeko. Eta Tempranillo, Sauvignon eta Chardonnay txuriak bezalako barietateak ere mahats bilketa berehala egiteko moduan daude. "Abuztuko azken hamabostaldian eta iraileko lehen egunetan, eguneko tenperaturak balio normaletan mantendu dira, eta zenbait egun hotz izan dira garai horretarako, batez ere hilaren amaieran. Gauak freskoak izan dira gehienetan, eta hori oso onuragarria da mahastia behar bezala heltzeko ", azaldu dute Ardoaren Etxetik: "Garai honetarako tenperatura baxuak, egunaren eta gauaren arteko kontrastea, uraren eskuragarritasuna eta argitasun handia izan dira, eta horri esker, konposatu fenolikoen bilakaera oso ona izan da, fenomeno heltzailea motelduz eta fenomeno hori erraztuz".

Halaber, foru teknikariek jakinarazi dutenez, mahastiaren osasun egoera "ona" da, baita begetatiboa ere. "Mahats-bilketaren kalitateari dagokionez, ezusteko ezbeharrik gertatzen ez bada, oro har ona izango da, eta, beti bezala, errendimenduekin oso lotuta egongo da", nabarmendu dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago