Fiskaltzak funtzionario bat salatu du, isileko ehiztariei mesede egiteagatik

Erredakzioa 2020ko irailaren 5a

Ehiztariei jarritako isunen inguruan ikerketa abiatu zuen Fiskaltzak. ALEA

Talde ekologistak azaldu duenez, Diputazioaren funzionario bat salatu du Fiskaltzak isileko ehiztariei isunen tramitazioetan egin dizkien mesedeengatik.

Hainbat hilabetez ikertzen aritu ostean, Fiskaltzak uste du Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko funtzionario batek dokumentuak faltsutu zituela, Manzanos auzian informazio garrantzitsua ezagutu arren, ezkutatu zuelako. Eguzki talde ekologistak eman du Fiskaltzaren erabakiaren berri; eta eskatu du ikertzeko ere Arabako basozainen salaketen xede izan diren espedienteek sortu ahal izan dituzten "interesak eta onurak", eta "azpikeria" edo "jarduera irregularraren" edo "delitu jarraituaren" zantzurik dagoen.

2017koa da Manzanos auzia: ehiza-barruti batean zeuden bi ehiztarik tiro bat entzun zuten eta bi pertsona ikusi zituzten, horietako bat arma batekin, hildako orkatz bat arrastatzen. Burua mozten ziotela ikusi zuten eta gorputza ezkutatzen zutela. Ehiztarien testigantzaren arabera, barruti horretako bi zaindari pribatuak ziren.

Ehiztariek Diputazioko landazaindari bati ohartarazi zioten, eta bertara joan zenean, orkatza zatituta aurkitu zuten. Horren guztiaren lekuko izan ziren ehiztariek salaketa jarri zuten Diputazioan; eta landazaindariak ere espediente bat irekitzea lortu zuen. Hala ere, ez zituzten inoiz zigortu isileko ehizagatik, Aldundiak esan baitzuen ez zegoela froga nahikorik.

Ez da lehen ikerketa

Arabako Fiskaltzak Aldundiko hainbat funtzionarioren jokaera ikertu du, eta abuztuan bertan erabaki zuen Nekazaritza Saileko funtzionario bat salatzea, espedientea izapidetzean, funtzionario horrek gertatutakoaren funtsezko datuak ezkutatu zituelako, inplikatutakoak ez zigortzeko. 

Dena dela, ez da Fiskaltzak Diputazioaren aldetik ustezko mesedeak ikertzen dituen lehen aldia, ehiztariei isunak kendu edo leuntzeko. Izan ere, 2018an, Fiskaltzak aurkeztutako salaketa artxibatu zuen epaile batek. 

Lehen susmoak 2017an sortu ziren, Eusko Legebiltzarrak EH Bilduren informazio-eskaera bati emandako erantzun baten ondorioz jakin izan zelako Arabako Diputazioaren landazainek jarritako 180 salaketetatik 81 baino ez zirela zigor-proposamenarekin amaitu, isileko ehiztariei edo arau-hausleei jarritako isuna kenduta edo murriztuta. Jarritako salaketen ia erdiak (86) artxibatu, preskribatu edo ez ziren izapidetzen hasi ere egin. Gainera, beste 18 salaketa zigor mailaz jaitsi zituzten.

Auziaren harira Eguzki talde ekologistak eskatu du Aldundiak argi dezala "arau-hauste administratiboengatiko espedienteen izapidetzearen funtzionamendu osoa", auditoria baten bidez. Taldearen esanetan, auditoria independentea izan beharko litzateke. "Auditoria hori ezin da egon foru-arduradunen, inplikatuen edo ikertuen esku". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago