Ezohiko uda honetan, urrira arte luzatuko da Vital Araban Zehar programaren egutegia, eta asteburu honetan izango ditu lehendabiziko hitzorduak Artziniegan, Aramaion, Kripanen, Bernedon, Berantevillan eta Agurainen musika eta antzerki emanaldien bitartez.
Asteburuko egitaraua ostiralean bertan hasiko da Artziniegako Garai plazan, 19:00etan Zirkulanduz konpainiaren Beldurrik ez! antzezlanarekin.
Ordu erdi geroago, Aramaiora iritsiko da, La Pulga eta Konpainia taldeak eskainiko duen kontzertuaren eskutik; 19:30ean izango da, herriko parkean. Bestalde, Kripaneko bizilagunek eta bisitariek Los satisfados musika taldearen kontzertu batez gozatu ahal izango dute, 20:00etan herriko plazan.
Larunbatean Bernedoren txanda izango da; izan ere, JKV taldeak frontoi zaharrean joko du, 13:00etan.
Igandean bi hitzordu egongo dira. Alde batetik, Bi Hotsak abesbatza Berantevillako elizan arituko da 12:30etik aurrera. Eta, aperitiboaren orduan, 13:00etan, Bapatean Zirko konpainiak Baserriko porrusalda ikuskizuna taularatuko du Aguraingo San Juan plazan.
Jarduera publikoei eta edukierari eragiten dien osasun-araudiaren ondorioz, Vital Fundazioak zabalik du, oraindik ere, Vital Araban Zehar programaren barruan udalek eta tokiko erakundeek jarduerak antolatzeko eskaera egiteko epea. Hortaz, aurtengo egutegia urrira arte luzatuko da.