Koronabirusa Arabako zaharren egoitzak kolpatzen ari da berriro ere. Foru Aldundiak baieztatu duenez, astearte honetan Txagorritxuko erabiltzaile bat hil da Covid-19aren ondorioz.
Horrela, pandemiaren bigarren uholdean hildakoen kopurua hirura iritsi da lurraldeko adinekoentzako ekipamendu-sarean, astebete baino gutxiagoan. Gainera, Etxebideko zentroko beste egoiliar batek positibo eman du PCR proban.
Joan den astean, bi hildako egon ziren Arabako ekipamendu-sarean: asteazkenean, aurretiko patologiak eta narriadura global larria zituen 90 urteko erabiltzaile bat hil zen Zuiako Sortzez Garbiaren egoitzan; eta, ostegunean, Ajuria eguneko zentroko erabiltzaile bat hil zen, positiboa zela egiaztatu eta astebetera.
Sei foku
Hain zuzen ere, Murgiako Sortzez Garbiaren egoitza pribatua da Arabako adinekoentzako zentroetako foku nagusia; izan ere, 28 positibo daude bertan, hiru langile eta 25 erabiltzaile.
Egoitzen foru sarean, pandemiaren bigarren uholdeko lehen PCR positiboa atzeman zenetik, 7 kasu atzeman dira Txagorritxun -horietako bat aste honetan hildakoa, bat Ariznabarran, bi Lakuan, bi Etxebidean eta beste bat Ajuriako eguneko zentroan. Gainera, Aldundiak ostiralean jakinarazi zuen Gasteizko Tagore egoitza pribatuko hiru erabiltzailek positibo eman zutela.
Hau da, une honetan, gutxienez sei egoitzetan presente dago koronabirusa Arabako adinekoen ekipamendu-sarean.
Premiazko bilera eskatu du ELAk
Astearte honetan, ELA sindikatuak ohartarazi du egoera "gero eta kezkagarriagoa" dela Arabako adinekoen egoitzetan, eta bilera bat eskatu dio Foru Aldundiari, egoerari "premiazko neurriak lehenbailehen" ezar ditzan.
Besteak beste, egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langile guztiei eta zentroetako erabiltzaileei PCR probak egitea eskatu du sindikatuak. Horrez gain, birusa ez zabaltzeko prebentzio neurriak ezartzea nahi dute: langileen kontratazioa, beharrezko materiala bermatzea, aldizkako PCR testaren prozedura ezartzea...
Abuztuan, 2.394 positibo Araban
2.394 PCR positibo atzeman dira Araban abuztu osoan zehar; osasun agintariek azpimarratu dutenez, horietako asko sintomarik gabeko kasuak izan dira, eta kontuan hartu behar da proba asko ere egin direla epe horretan.
Hilabete osoan zehar kasu gutxien izan dituen eguna abuztuaren 2a izan da, 20 positiborekin; eta gehien izan dituena, abuztuaren 26a, 131 positiborekin.
Astelehen honetan, bestalde, 7.163 PCR proba egin ziren Araban, eta horietatik 445 positiboak izan ziren. Asteartean argitaratutako txostenaren arabera, 89 positibo berri atzeman zituzten Araban astelehenean, eta abuztuaren 26an igorritako gorakada arindu dela dirudi.