Hego Euskal Herriko espetxeei dagokienez, neurriak eragina izango du Zaballako espetxean, baina baita Iruñean, Martutenen eta Basaurin ere. Bestalde, preso arabarrak dituzten Espainiako zenbait kartzelatan ere bertan behera gelditu dira bisean bisekoak: adibidez, Logroñon, Valdemoron, Estremeran, Aranjuezen, Soto del Realen eta Zueran.
Oraingoz, neurria hiru aste iraungo du indarrean, eta denbora tarte horretan bisita arruntekin ordezkatuko dituzte aurrez aurrekoak; hau da, lokutorioan, kristala tarteko eta 40 minutuz. Horrekin batera, Espetxe Erakundeek bideo deiak ugaritzeko asmoa adierazi dute.
Egoera zaurgarria
Etxerat elkarteak ohartarazi du egoera hori beste espetxe batzuetan gertatzen ari dela lehendik ere; besteak beste, Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan. Euskal presoen senide eta lagunen elkartearen arabera, gainera, Topaseko presoei berrogeialdiak ezarri dizkiete.
Presoen urruntzea "lehenbailehen" desaktibatzea eta hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzeko eskatu dute.
Gainera, Etxeratek PCR probak preso guztiei egitea eskatu du, "birusa espetxeetan sar ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko". Etxeraz elkarteaz gain, azken hilabeteetan, kartzeletan bizi den "egoera zaurgarria" salatu dute Sare Herritarra eta Salhaketa bezalako beste hainbat elkartek.