Batu zaitez Gasteizko Euskararen Mapara

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2020ko abuztuaren 4a

Geroz eta gehiago zarete Gasteizen euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari zareten enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak. Bizitzen ari garen garai zail hauetan ere, badira euskararen aldeko konpromisoa hartzen duzuen entitateak eta Gasteizko Euskararen Mapara gehitzen ari zaretenak. Egunerokoan geroz eta euskara gehiago entzuten da Gasteizen eta horrek kontsumo-ohituretan ere badu eragina; establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen lagundu nahi dizuegu, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

 

Gasteizko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuen martxoan Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko; Gasteizko Euskararen Mapa osatzea da proiektu honen muina. Hitzarmen horri esker, lehenengo urtean doan lagunduko dizugu zure enpresa edo saltokian euskararen aldeko pausoak ematen zure eta, bigarren urtetik aurrera, dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango duzu.

Egun hauetan Gasteizko autobusetan eta geltokietan aurkituko duzue kanpainarako egindako kartela.

Bete auto-diagnostikoa

Zure komertzio edo entitatearen hizkuntza-egoera ezagutu dezakezu Baieuskarari.eus-eko auto-diagnostikoa eginda. Hizkuntza-egoera zein den jakin eta hobetzeko pausoak emateko Bai Euskarari Elkarteko teknikari bat jarriko da zurekin harremanetan.

Bai Euskarari Ziurtagiria

Euskara erabili eta sustatzeko lanean ari zareten enpresa eta saltokiak identifikatu, aitortu eta pausoak ematen laguntzen dituen ziurtagiria da Bai Euskarari. Zure entitatearen hizkuntza-egoeraren arabera, ziurtagiriaren hiru mailetako bat egokituko zaizu: 'Euskararen bidean', 'Zerbitzua euskaraz' edo 'Zerbitzua eta Lana euskaraz'.

Geroa Elkarrekin Eraikiz

Bai Euskarari Elkartean euskaratik eraikitako herria irudikatzen dugu. Euskal Herrian euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, sortzea, berritzea, ekitea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible egiten badugu, herritarron ongizatea eta lurraldearen garapena handiagoak izango dira. Eta bide hori elkarrekin eraiki behar dugu, Bai Euskarari Komunitatearekin batera; elkar zaintzeko eta babesteko garaia da. Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea.

Euskarak egiten gaitu bertako, gertuko, konfiantzazko, erakargarri, kalitatezko, profesional, lehiakor, motibatu, komunitate... Segi dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz , euskaratik eta euskaraz.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago