Araiako Umore Antzerkiaren XXVII. Jaialdiak 27 emanaldi eramango ditu 15 herritara

Erredakzioa 2020ko uzt. 31a, 15:48
Araiako jaialdiaren programa aurkeztu dute gaur Diputazioan. AFA

Araian izango dira zazpi, abuztuaren 14tik 16ra bitartean; eta gainerako hogei ikuskizun abuztuaren 2tik 30era bitartean egingo dira herrialdeko toki desberdinetan.

Araiako Umore Antzerkiaren XXVII. Jaialdia bueltan da, eta 27 ikuskizun eskainiko ditu 15 herritan. Plaza nagusia Araia izango da; bertan izango dira zazpi emanaldi, abuztuaren 14tik (ostirala) 16ra (igandea) bitartean. Halaber, abuztuaren 2tik aurrera, jaialdi nagusiarekin batera, zenbait konpainiaren ikuskizunak gozatzeko aukera izango da Arabako herrietan. Guztira, Euskal Herrian jatorria duten hamahiru konpainiak parte hartuko dute.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak eta Javier Alkorta jaialdiaren zuzendariak egitarau osoa.

Ohi bezala, Arrazpi Berri kiroldegian egingo dira barruko ikuskizunak, 22:30ean. Osasun protokolo higienikoari jarraituz, leku kopurua murriztuko da. Kiroldegian aurkeztuko du Tartean Teatrok Simplicissimus kabareta, abuztuaren 14an; Vaiven Produkzioak konpainiaren Erlauntza euskarazko komedia abuztuaren 15ean aurkeztuko da; eta El Mono Habitado konpainiaren ¡Ave, osos! komedia ikusteko aukera izango da abuztuaren 16an. Pieza bakoitzaren prezioa 14 euro izango da, eta guztira 30 euro haietako bakoitzerako txartela erosiz gero, bonu gisa. 

Kale antzerkia

Urtero bezala, aurten ere ez dira faltako Araiako kaleko piezak. Aurten, herriko zenbait txokotan ibili ordez, ikastolako jolastokian prestatu den aire zabaleko esparruan egingo dira (Arrazpi Berriren alboan); eta gonbidapena bidez sartu ahalko da bertara, osasun neurriak bermatze aldera. Gune horretan obra hauek izango dira ikusgai: Gabe, Oihulari Klown konpainiarena, abuztuaren 14an, 20:00etan; Turistreando, Trapu Zaharra taldearena, abuztuaren 15ean, 20:00etan; Baldin Bada, Shanti Olaizolarena, abuztuaren 16an, 13:30ean; eta Aukerak, The Funes Troup konpainiarena, abuztuaren 16an, 20:00etan.

Herriz herri

Programazioko gainerako ekitaldiak abuztuan Araba goitik behera zeharkatuko duen herriz herriko zirkuituan egingo dira. Zazpi obra Araian emango dira, eta beste hogei lurraldeko hamalau herritan: abuztuaren 2an izango da lehena, Manzanosen, eta abuztuaren 30ean ibilbide eszenikoko azkena, Laudion; tarte horretan, Amurrion, Okinan, Oteon, Zuhatzu Kuartangon, Bastidan, Sobronen, Maeztun, Ribabellosan, Gesaltza Añanan, Izarran, Espejon eta Zaitegin ibiliko dira. 

Araian emankizunak eskainiko dituzten eta Araban zehar ere ibiliko diren kaleko lau konpainia horiei beste hauek batuko zaizkie bidaia horretan: Ganso&Cía, Panoli Kabareta lanarekin; Goitibera, Yijaaa!!! obrarekin; Gag Street Boys, Yes, we art!-ekin; Bapatean zirko, Adabaki lanarekin; Hutsun + Ortzi, Urbasa obrarekin eta Zanguango Teatro, Al otro lado obrarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide