Argitzen jarraituko dute

Anakoz Amenabar 2020ko abu. 2a, 08:00

2021ean izango dira kofradiak antolatutako ekitaldi nagusiak./ Cofradía de la Virgen Blanca

125 urte bete ditu Andre Maria Zuriaren omenez Gasteizko jaietan egiten den farolen prozesioak, baina bertan behera utzi dute aurten. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak 2021eko apirilera eraman dituzte.

Historiako momenturik latzenetan ere ez du etenik izan Gasteizko farolen prozesioak, eta urtez urte milaka lagun elkartu ditu hiriburuko jaietako usadio zaharrak. 125 urte bete dituenean, ordea, geldialdia egin beharko du. Andre Maria Zuriaren omenez izen bereko kofradiak antolatzen dituen ekitaldi jendetsuak bertan behera geratu dira aurten. "Urte zaila izan da. Ilusio handia genuen 125 urteak ospatzeko, egitarau betea genuen prest, eta dena bertan behera utzi behar izan dugu; halere, egoerari aurre egin behar zaio eta onena atera", azaldu du Ricardo Saez de Heredia kofradiako kideak.

Eta, egoerari buelta emateko, besteak beste, farolen museoa Gasteizko jaietan eta abuztuan zehar bisitatzeko aukera eskainiko dute. Kofradiakideek ahalegin berezia egin dute, eta irekita izango da astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. "Eskaera dexente jaso ditugu, eta esfortzu berezia egingo dute boluntarioek museoa zabalik izateko", gogoratu du. Gainera, arrosarioa osatzeko aurkeztu berri dituzten farolatxoak ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek. 2.800 kofradiakide dira egun, baina Zapatari kaleko museoan gordetzen duten altxorra mantendu eta jarduerak antolatzen jarraitzeko, lagun gehiagoren babesa behar dutela esan du. "Erlijioaz harago, kulturak erakarrita edota gure hiriarekiko maitasunak elkartu gaitu kofradian, eta babes hori are gehiago zabaltzea gustatuko litzaiguke", nabarmendu du Saez de Herediak.

Egunsentiko Arrosarioaren prozesioak 25.000 lagun baino gehiago elkartzen ditu urtero Andre Maria Zuriaren plazan, eta, hain zuzen, horiek erakarri nahi dituzte kofradiara. "Sinestun izan ala ez, milaka lagun elkartzen gara; eta ohartu gara Gasteizek elkartzen gaituela, elkar 2021ean izango dira kofradiak antolatutako ekitaldi nagusiak. Gasteizko jaiak ulertzeko topagunea dira farol argitsu hauek".

125 urte

Urtemuga ospatzeko, zapi bat eta intsignia bat ere atera dituzte, eta Arabako Gozogileen Elkarteak 125. urteurreneko farol gozoa izeneko postrea prestatu du, urritik aurrera dastatu ahal izango dena. Izan ere, jakin badakite ospakizun gutxi izango dela uda honetan. "Aurtengo ekitaldiak arduragatik bertan behera utzi ditugu. Ez ditugu ahaztu nahi sufritzen daudenak, eta gure bultzadarik handiena eman nahi diegu honi aurre egiten lehen lerroan daudenei", nabarmendu du. "Kofradiak duen bokazioetako bat da dena kalean egitea, elkartzea du xede, eta hori da une honetan hautsi zaiguna; beraz, ekitaldi horiek atzeratuko ditugu".

Kofradiaren ospakizun nagusiak, pandemiak hala nahi badu, 2021eko apirilera eramango dituzte. Erakusketak izango dira, hiriburuko abesbatzak elkartuko dituen ekitaldi bat, eta beiragileen topaketa bat ere prestatzen ari dira, besteak beste.

Bien bitartean, farolak ezagutzen ez dituztenei museora gerturatzeko gonbita egin die Saez de Herediak: "Ondare artistiko aparta dira; munduko beiragile maisuek diotenez, XIX. mendeko espezializazioagatik dira bikainak, eta baita XX. mendeko berriengatik ere". 1896an atera ziren lehen aldiz kalera farolak, eta 1990eko hamarkadaren amaieran, lehengoratze prozesu handi bat jasan zuten. "Hiriaren eta hiriarentzako altxor garrantzitsua da hau".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago