Ez da urrunera joan beharrik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 31a, 07:22

Ekiloreak Araban, Varonatarren dorretxea atzealdean. PHOT.OK

Arabatik mugitu gabe, paraje asko deskubritzeko aukera dago: oinez egiteko bideak, bainua hartzeko guneak… Guztiak atal bakarrean jasota eta mapa bidez klik batean eskaintzen ditu 'alea.eus'-ek.

Eskaintza berezia eta gertukoa izango da hurrengo egunetan ALEAren webgunean. Oinez edo kotxez egiteko hamaika ibilbide, herri ezagunak eta ezezagunak, bainatzeko tokiak, ondare historiko eta arkitektoniko aberatsa gordetzen dituzten guneak, gailurrak, gazteluak eta basoak… Denetarik bildu du alea.eus-ek Ezagutu Gertukoa sail berezian. Atal berritu horretan gainera, mapa bat ageri da, eta klikagarriak diren 80 gune inguru jaso dira, Arabako zortzi kuadrilletan banatuta.

Pandemiaren krisia dela-eta urrutira joan ezin denak aukera izango du gidaren bitartez etxe inguruan ere bisitatzea merezi duten lekuak aurkitzeko, ezagutzeko eta gozatzeko.

Herri-sorta

53 udalerri ditu Arabak eta 469 herri. Bada, atal berezian jasota dago askotariko herri-sorta bat, herrialdeko geografia osoa zeharkatzeko aukera ematen duena. 2018tik gaur arte, astero, papereko edizioan ALEAk bildu dituen herriak mapan kokaturik aurkezten dira, tamaina eta izaera askotakoak. Rojo ibaiaren arroan kokatuta dagoen Taravero ageri da, Trebiñuko bihotzean; halaber, Amurrioko indianoen etxeen argazki-bilduma eta horietan gorde diren istorio harrigarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du mapak; Bergondatik igarotzean odolki ospetsuak non erosi ahal diren ere jasota dago… Modu errazean, Arabako 70tik gora herriren iragana eta oraina aurkezten ditu webguneak, argazkiekin. 

Freskatzeko aukerak

Halaber, udaren beroaldiari aurre egiteko Araba osoan bainua hartzeko dauden hamaika toki aurkitu daiteke Ezagutu Gertukoa atal berrituan: urtegiak, errekak, ur-jauziak, edo putzuak. Sasetako Rodavieja ur-jauzira, Antoñanako Oteo errotara edo Sobrongo urtegira nola iritsi jasota dago, baita toki horietan zer ikusi daitekeen edo zer jarduera antolatzen dituzten bertako aisialdi-enpresek ere. Natura ingurune xarmangarriak eta hauskorrak dira guztiak; beraz, guztion babesa eskatzen dute.

Bestalde, ibilbideak egiteko aukera ere jasota dago. Hala nola, vasco-navarro trenbide zaharreko ibilbide berdea jarraituta, Gasteiz eta Estibaliz arteko ibilaldia bost bat ordutan egiteko aukera; edo Murgiatik Jugatxi baselizara eta Jugotik Zuiako hiriburura itzultzen den bidea familiarekin egiteko ordu eta erdiko irteera. Hegaztien udako egonaldia patxadaz ezagutzeko aukera ematen duen Mendixurko parke ornitologikoan dauden bi bide nagusi eta bi behatokiren inguruko informazioa ere jasota dago Ezagutu Gertukoa atalean, klik batean

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago