Koronabirusa

Duela ehun urteko gripea: hain urrun, hain hurbil

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 19a, 08:30
Herritarrak gasazko maskararekin. U.S. NATIONAL LIBRARY OF MEDICINE

Koronabirusa munduan hedatu ahala zabaltzen dira gaurko eta 1918ko gripearen pandemien arteko konparazioak; atmosfera beldurgarria antzekoa bada ere, errealitatea arras desberdina da.

Lehen Mundu Gerrako armaden eskutik zabaldu zen Espainiako gripea mundu osora, eta XX. mendeko pandemia handiena bilakatu zen. Ehun urte luze beranduago, herritarren zein merkantzien mugikortasunaren hedapenari esker, mundu globalizatuan zabaldu da ere XXI. mendeko lehen pandemia. Beldurra da ezaugarri komun nagusia.

Amerikako Estatu Batuetatik iritsi zen Europara Spanish influenza, Spanis Flu, Spanish Lady, Grippe Espagnole edo Gripe Española izenekin ezagutu den gaitza. Gerrarik gabe, hedapen mugatuko gaitz bat besterik ez zen izango. Alta, Lehen Mundu Gerrarekin batera gertatu zen milaka soldaduen mugimenduari esker, mundu osora zabaldu zen izurritea. Hala, 1918 eta 1919 urteen artean, milioika hildako utzi zituen.

"Gripearen zabalkuntzaren baldintza sine qua non Gerra Handia izan zen". Hala jaso dute Liliana Henao-Kaffur eta Mario Hernandez-Alvarez Kolonbiako Unibertsitateko ikertzaileek pandemiari buruz orain dela lau urte egindako ikerketan: "1918ko apirilaren hasieran, AEBetan lehertu ondoren, Bresten (Bretainia, Frantzia) agertu zen gripea, tropen lehorreratzea hiri horretan izan baitzen; hilabetea amaitzean, Italian ere jazo ziren kasuak, eta baita Frantzian ziren Alemaniako soldaduen artean ere. Maiatzaren lehen zatian, berriz, Espainian, Grezian eta Portugalen agertu zen gripea; eta bigarrenean, Shangaira eta Bombayra ere iritsi zen".

Zentsuratik izena

Bistan denez, Espainia ez zen gripearen jatorria izan. Lehen Mundu Gerran, herrialde neutrala zen, eta bertako komunikabideek zentsurarik gabe zabaldu zituzten gaitzaren inguruko txostenak eta informazioak. Hortaz, eta arazoaren berri eman zuen herrialde bakarra izateagatik izurritea "Espainiako gripea" bezala ezagutarazi zuten; "izen xenofobo eta hipokrita" idatzi dute ikertzaile kolonbiarrek.

Alemania, Ingalaterra eta Frantziako komunikabideek, ordea, "herrialdeko armaden adoreari eusteko" gripearen inguruko informazioak ezkutatu zituzten.

Gripeak bultzatuta sortu zen Osasunaren Munduko Erakundea.

Zentsurak eta baliabide faltak birusaren foku hilgarria ikertzea eragotzi zuten, eta biktima gehienak 20 eta 40 urte bitarteko gazte eta heldu osasuntsuak izan ziren. Sukar altua, belarrietako mina, nekea, beherakoak eta noizbehinkako okadak ziren gaixotasunaren berezko sintomak. Pandemian hil ziren pertsona gehienek bigarren mailako bakterio- pneumonia izan zuten, antibiotikorik ez zegoelako.

Milioika hildako

Gaixoentzat osasun protokolorik ez zegoenez, aireztatu gabeko gune txikietan pilatzen ziren pazienteak. Garai hartan, oihal eta gazazko maskara ezaguna egin zen, nahiz eta guztiz alferrikakoak izan.

Guztira, bi urtetan, 40 milioi pertsona baino gehiago hil zituen Espainiako gripeak mundu osoan. Ez da ezagutzen pandemiaren zifra zehatza – ikertzaile batzuen esanetan 15 milioi dira eta beste batzuen ustez, ordea, 100 milioi–, baina oraingoz, historian jazotako izurriterik handiena da. Berez, Osasunaren Munduko Erakundearen sorrera ere bultzatu zuen, 1923an, etorkizuneko pandemiei aurre egiteko asmoarekin.

1918ko urria Euskal Herrian

Europan, 1918ko martxoa eta apirila bitartean zabaltzen hasi zen gripea, eta udazkenean eta neguan eman ziren hildako gehienak. Hurrengo urtean hirugarren olatu bat jazo zen, ahulagoa.

Euskal Herrian, berriz, ez zen ia gripe kasurik izan 1918ko udaberrian. Espainiako gripe epidemia iraila eta abendua bitartean gertatu zen, eta 1918ko urrian eragin zuen hilkortasun handiena.

Gasteizen, gripeak soldaduak eta seminarista gazteak kolpatu zituen.

Hirugarren olaturik ez zen egon, eta 1919ko eta 1920ko lehen hilabeteetan kasu bakan batzuk soilik eman ziren. Anton Erkoreka Medikuntza Historiaren Euskal Museoaren zuzendariak 2006an argitaratu zuen La pandemia de gripe española en el País Vasco (1918- 1919) ikerketan jaso du gripeak populazioaren %50 eta %60 kolpatu zuela; eta heriotz-tasa %12,1koa izan zen.

Gasteiz, soldaduak eta abadeak

Esan bezala, Espainiako gripearen bigarren olatua izan zen larriena. 36.640 biztanle zituen garai hartan Gasteizek, eta irailaren amaieran hasi zen izurritea zabaltzen bertan. "Intentsitate handiarekin ageri da urrian; azaroan zehar kasu ugari daude; 1919ko udaberrira arte zabaltzen da". Erkorekak jaso duenez, soldaduen artean eta Bizkaitik zein Gipuzkoatik Gasteizko seminariora ikastera joaten ziren gazteen artean izan zuen eraginik handiena Espainiako gripeak. "Gazte jendea kolpatu zuen, 15 eta 34 urte bitartekoak; eta gizon gehiago hil ziren emakumeak baino; 21 urteko gizon asko. Errekrutak edo seminaristak".

Europa osoan bezala, Gasteizen ere pandemiak heriotza gutxi eragin zituen hiriko haurren artean eta 45 urtetik gorako pertsonen artean, "agian aurreko gripe- epidemiek immunizatuta zeudelako".

Araba, epidemia egoeran

 

1918ko urriaren 12an deklaratu zuen Espainiako Gobernu Zibilaren Osasun Batzordeak epidemia egoera Araban, "herrialdeko herri gehienetan eta hiriburuan dagoen gripe izurriteari aurre egiteko". Heraldo Alavés egunkariak jaso zuen albistea, eta urriaren 14ko alean hartu beharreko neurriak zerrendatzen zituen agiria argitaratu zuen.

Ez zuten konfinamendua agindu, baina herrialdeko jarduera kulturala, soziala eta ekonomikoa geldiarazteko hainbat erabaki hartu zituzten. Besteak beste, trenbide konpainiei eskatzen zitzaien "gas bidezko desinfekzio-ganbera bat" prestatzeko, eta "bidaiariak ikuskatzeko eta desinfektatzeko" beste lokal bat atontzeko. Halaber, herriko traperoei debekatu zitzaien "udaletxeko zaborren biltegietan hondakinak jasotzea"; eta "alde zaharreko etxeetako etxadien artean dauden espazioak" egunero garbitzeko agindua eman zieten udal poliziei.

Bestalde, elizetako ateetan, "esmaltatutako edo kristalezko xaflak jarriko dira, behar den altueran, jendeak ateak heltzen dituenean eskuen zikinkeria ateen ertzetan ez uzteko". Gainera, elizako atarian honako agiria jartzeko agindu zuten: "Tenplua errespetatzeko eta higiene-arrazoiengatik lurrean tu ez egiteko erregutzen da".

Gripearen izurritearen aurrean erakutsitako "aurreikuspen faltagatik" hainbat sektoreren partetik kritika ugari jaso zituen garaiko Gasteizko Udalak, eta egunak joan ahala Osasun Batzordeak hartutako neurriez gainera erabaki gehiago hartu behar izan zituen. Hala, Plaza Berriko dantzaldiak bertan behera utzi ziren, trapuen dendak itxiarazi zituen, eta era guztietako ikuskizunak debekatu ziren. Horrenbestez, antzokia bera eta frontoia ere itxi zituzten.

Duela ehun urteko osasun krisian ere egon ziren herritarren beharren lepora etekin ekonomikoa atera nahi izan zutenak. Hala, Udalak eta Diputazioak kanpaina bereziak martxan jarri zituzten, adibidez, limoien birsalmentan aritzen zirenen kontra; halaber, esnearen prezioa igo zuten esne-saltzaileei isunak jarri zizkieten eta patatak pilatzen ari ziren herritarrak ere zigortu eta jakiak konfiskatu zituzten.

1918ko urriaren 26ko Heraldo Alavesek hala jaso zuen: "Gaur jarri ditu salgai Udalak ostegunean konfiskatu zituen patatak. Halere, alkateak jakin izan du zenbait saltzailek haurrak eta gazteak bidali dituztela patata horiek erostera, eta pertsona horiei 50 eta 100 pezeta arteko isunak jartzeko prest dago".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide