Zortzi kontzertu eskainiko ditu XXXVIII. Antzinako Musika Asteak

Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 11:20
Euskal Barrokensemble, Bilbon 2006an sorturiko antzineko musika taldea. / solinis.com

Irailaren 5etik 12ra bitartean, antzinako musikako zortzi kontzertu egingo dira Gasteizen, Laudion, Murgian eta Bernedon. Gainera, lehen aldiz, jarduera osagarriak ere izango dira.

Arabako Antzinako Musika Astearen XXXVIII. edizioak bertako, estatuko zein nazioarteko artisten eta taldeen zortzi kontzertu eskainiko ditu aurten, eta iragan mendeetako konposizio zein musika tresnak egongo dira presente, proposamen klasiko eta berritzaileen bidez.

Irailaren 5etik 12ra arte luzatuko da, eta Gasteiztik, Laudiotik, Murgiatik eta Bernedotik igaroko da; lehenbizikoz, kontzertuez gain, jarduera osagarriak ere izango dira.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioaren zuzendariak eta Carmen Martinez Guerra jaialdiaren zuzendari artistikoak azaldu dutenez, Vital Fundazioarekin egindako lankidetza akordioari esker, aurten, eta osasun arrazoiak direla medio, Gasteizko kontzerturako eta jarduera osagarrietarako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira.

Horiek eskuratzeko hainbat aukera daude: FundacionVital.eus webgunean, edo fundazioaren egoitzan, Aiztogile kaleko 24. zenbakian, Kordoi Etxean, abuztuaren 31tik aurrera, emanaldi bakoitzaren eguneko 14:00ak arte.

Lurraldean egingo diren beste hiru kontzertuetarako ez da beharrezkoa izango sarrerarik hartzea aldez aurretik; sarrera librea izango da baimendutako edukiera bete arte.

Arantxa Ibañez de Opacua, Ana del Val eta Carmen Martinez Guerra. / AFA

 

Kontzertuak

  • Irailaren 5ean, 19:30ean, Laudioko kasinoan: Andoni Mercero.
  • Irailaren 6an, 19:30ean, Murgiako Done Mikel elizan: Daniel Zapico.
  • Irailaren 7an, 20:15ean, Gasteizko Done Petri elizan: La Guirlande.
  • Irailaren 8an, 20:15ean, Gasteizko Done Petri elizan: Vittorio Ghielmi, Daniel Oyarzabal eta Daniel Zapico.
  • Irailaren 9an, 20:15ean, Gasteizko Santa Maria Katedralean: Carlos Mena, Jone Martinez eta Carlos Garcia Bernalt.
  • Irailaren 10ean, 20:15ean, Gasteizko Santa Maria Katedralean: Nereydas.
  • Irailaren 11n, 20:15ean, Gasteizko Santa Maria Katedralean: Euskal Barrokensemble.
  • Irailaren 12an, 19:30ean, Bernedoko elizan: Sar Ensemble.

Jarduera osagarriak

  • Irailaren 7an, 12:30ean, Gasteizko Done Petri elizan, La Guirlanderen kontzertu pedagogikoa: Musika tresnak, konpositoreak eta obrak.
  • Irailaren 8an, 12:30ean, Gasteizko Done Petri elizan: Vittorio Ghielmi, Daniel Oyarzabal eta Daniel Zapicoren entsegu ireki iruzkindua, galderak egiteko aukerarekin.
  • Irailaren 9an, 19:30ean, Santa Maria Katedralean: konferentzia, Carlos Menaren eskutik.
  • Irailaren 10ean, Santa Maria Katedralean: Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleen kontzertua; ordua oraindik zehaztu gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide