Alavesek armarri berria diseinatu du bere mendeurrena ospatzeko

Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 09:50
Alavesen mendeurrenari begira diseinatutako armarri berria. / ALAVES

Armarri berriak zirkunferentzia bat du oinarri, eta erdiko elementua jatorrizko banderatxoa da. Irudia aldatzen den zortzigarren aldia da, eta azken ezkutuak 20 urte baino gehiago zituen. Alavesek 100 urte beteko ditu 2021ean.

1921. urtean sortutako Alaves taldeak armarri berria aurkeztu du, 2021eko urtarrilean beteko duen mendeurrenari hasiera emateko.

"Aurreko armarria 90. hamarkadan sortu zen eta ez zegoen diseinatuta euskarri eta plataforma digitaletan zabaltzeko", azaldu du Alaves-Baskonia taldeko diseinatzaile arduradun Asier Samaniegok; aurreko diseinuak bi urdin ezberdin zituen, eta kolore urdin bakarra berreskuratu nahi izan dute.

Klubak ohar batean azaldu duenez, "arabarren ikurraren eboluzio berri bat da, bizi dugun uneari leial izango zaiona eta klub historiko baten tradizioa alde batera utziko ez duena. Armarri berri, aldakor eta modernoa, jatorrizkoari keinu bat eginez ".

Alavesen 100 urteko ibilbidean, guztira zortzi aldaketa egin dira armarrian. Talde txuriurdinak, mailari eustea lortu ostean, Lehen Mailan bere hamaseigarren denboraldia biziko du 2020-2021 denboraldian, 100 urteko historia ospatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide