Koronabirusa

Pandemiaren hasieran baino 3.100 langabe gehiago daude Araban

Erredakzioa 2020ko uzt. 28a, 17:20

Lanbideren bulegoa Adurtza auzoko Zumakadi kalean. / GOOGLE MAPS

Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera, langabezia %2,22 hazi da eta urteko lehen hiruhilekoan baino 3.100 langabe gehiago daude Araban. Guztira, 11.600 arabar daude langabezian (%7,81).

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) astearte honetan argitaratu du 2020ko bigarren hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkesta (EPA), eta datu kezkagarriak utzi ditu Euskal Herrian eta Araban.

Martxotik ekainera bitartean, osasun larrialdiaren testuinguruan, langabezia tasa %2,22 igo da Araban, eta 3.100 langabe gehiagorekin, guztira 11.600 langabe daude gure lurraldean. Bestalde, 136.700 arabar daude lanean.

Hala ere, biztanle ez-aktiboen gorakadak langabezia tasaren igoera leundu duela ondorioztatu du Gaindegiak, INEren datuak aztertu ostean. Izan ere, jarduera tasa %54,06koa da Araban. %55,24koa zen lehen hiruhilekoan; hortaz, %1,18 jaitsi da. Horrek esan nahi du lanean ari diren edo lan bila dauden pertsonak gutxiago direla, eta, Gaindegiaren azterketaren arabera, baliteke enpleguaren desegite bolumena langabetu kopuruaren igoera baino handiagoa izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago