Koronabirusa

Ostalaritzak eta diskotekek 1:30ean itxi beharko dituzte ateak

Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 17:24

Covid-19ak eragindako krisiak bete-betean kolpatu du ostalaritzaren sektorea. / ALEA

Osasun Sailak iragarritako neurri berriak asteburu honetan sartuko dira indarrean: 1:30ean itxi beharko dituzte tabernak, jatetxeak eta diskotekak.

Nekane Murga Osasun sailburuak prentsaurrekoan baieztatu ditu asteburu honetan indarrean sartuko diren murrizketa berriak; EAEko ostalaritza establezimendu guztiei eragingo diete. Ondorioz, tabernak, jatetxeak eta diskotekak ezin izango dira 6:00ak baino lehen ireki, eta 1:30ak baino lehenago itxi beharko dira.

Diskoteken kasuan, gainera, edukiera %60ra mugatu beharko dute, ezin izango dute dantzalekurik erabili, eta segurtasun distantzia bermatzen duten mahaiak jarri beharko dituzte.

Tabernetan gehienez hamar pertsonako taldeak bildu ahal izango dira, eta, 00:00etatik aurrera, bakarrik terrazetan eserita kontsumitu ahal izango da kanpoaldean; Gasteizen dagoeneko araututa dagoen bezala. Gainera, 100 lagunetik gorako edukiera duten establezimenduek %80ra mugatu beharko dute.

Sailburuak berretsi du gazteen lonjetan edozein jarduera egiteko debekua, eta ez dagoela erromeriarik, musika emanaldirik edota antzeko ekitaldirik antolatzeko baimenik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago